Aretxabaletako Udalak 1.200.000 eurotan gehituko du urteko aurrekontua

2018/05/28
Soberakinaren zati bat erabiliko du horretarako, eta herritarren ongizatea bermatzeko helburua duten proiektu garrantzitsuak gauzatuko dira.

Aretxabaletako Udalak gerakinetatik 1.200.000 euro inguru 2018ko aurrekontura gehitzea onartu zuen azken plenoan. Horrela, tramite guztiak bukatu ondoren, hilabeteko epean proiektu desberdinetan erabili ahal izango du aipatutako kopurua. Izan ere, dagoeneko zehaztu dira lehenetsi diren proiektuak.

Proiektu garrantzitsuak:

  • Futbol 7ko zelai berria. Ibarra kiroldegi aurrean egokituko da zelai berria eta 400.000€ aurreikusi dira proiektu hori gauzatzeko. Bere aldetik, UDAk 100.000€ jartzea adostu du. Momentu honetan, proiektuaren azken xehetasunak definitzen ari da Udala eta urtea bukatu ordurako prest izatea espero da.
  • Errepide desberdinen konponketa. Hasieratik, 200.000 euroko partida onartu zen aurrekontuan kale desberdinetako errepideak konpontzeko eta orain 275.000€ gehiago jartzea erabaki du Udalak. Beraz, guztira 475.000€ izango dira hondatuta dauden kaleetako zorua konpontzeko. Alde batetik, Errekabarren kalean, Laboral Kutxako zebra-bidetik konbentuko jardineko zebra-bideraino tartea konponduko da, eta bide batez kaleko ezkerraldean espaloia egingo da. Portasolen Loramendi kalea osorik konponduko da, Txarapeako biribilgunetik Araba ibilbideraino, iaz berriztu zen guneraino. Lan hauek 380.000€ inguruko aurrekontua dutenez, geratzen denarekin beste lan txikiago batzuk egingo dira.
  • Udaletxeko begiratokiaren berritzapena. 50.000€ko partida onartu da helburu horretarako. Aurretik leiho eta aterak margotu ziren baina lorategira ematen duen begiratokia egoera kaxkarrean dago eta eraberritzeko premia du. Gainera, bide batez atzeko aldea ere margotuko da.
  • Basotxoko tabernaren berritzapena. Aspaldi hobekuntzarik egin gabe, premia dago taberna berritzeko. Beraz, 20.000€ erabiliko da, instalazioa egokitzeko eta pintura eta argiteria berritzeko.
  • Jolas parketan berrikuntzak egin. Aurrekontuan dagoenari 20.000€ gehituko zaio. Horrela, Larrino, Lausita eta Txarapeako parkeen lurra berrituko da, eta aldi berean hondatutako elementuak ere berrituko dira. Gainera, Lausitako gunean jolasak ere berriak jarriko dira, lehengoak oso hondatuta baitaude.
  • Nerabeen kezka eta beharrak jaso. Proiektu hau berezia da Udalarentzat eta herritarren adin-tarte zehaztua du xede: nerabeak. Nahiz eta kopuru aldetik beste batzuk baino gutxiago duen, 9.367€, ahalegin berezia jarri nahi du Udalak nerabeen partehartzea bultzatzeko eta kezkatzen zaizkien gaiak jasotzeko. Beraien iritzia abiapuntu hartuta, datorren ikasturtean diagnostikoa egingo da eta ondoren ekintza plana diseinatuko da.

  • Proiektu desberdinak. Horrez gain, 300.000€ kreditu orokorrean gehituko dira, proiektu desberdinetara egokitzeko.
  • Azken oharra. Garrantzitsua da aipatzea gerakina ez dela osotasunean erabiliko, eta 500.000€ inguru geratu direla, erabili gabe. Izan ere, legealdiaren azken urtea dela kontuan hartuta, Udalak ez du aurrekontua osotasunean gastatzeko asmorik, jakinaren gainean izanik hurrengo urteetan sortuko diren proiektuetarako diru-poltsa izatea ezinbestekoa dela.