Aretxabaletako Udala Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. plana lantzeko urratsak ematen ari da

2018/06/22
Lehen Berdintasun Planaren (2009-2012) balorazioa egin ondoren, dagoeneko lehen urratsak lantzen ari dira II. plana lantzeko.

Plana modu egokian garatzeko, batzorde berezia sortu da eta, udaleko teknikaria eta zinegotziaz gain, eragile desberdinek hartzen dute parte: Daiteke gizarte aholkularitzako teknikaria (propio gai hau bideratzeko kontratatu dena) eta herriko ERDU feministen elkartea. Hilean behin elkartzen da batzordea eta orain arteko oso balorazio positiboa egiten da udaletik. Horrez gain, aurrera begira funtsezkoa izango da beste arlo batzuetako pertsonek ere parte hartzea: hezkuntza arloko ordezkariak, kultur eta kirol elkarteetako ordezkariak,...

Orain arte, herriaren egoera aztertu da eta faktore desberdinekin diagnostikoa landu da. Atzo, ekainaren 20an Arkupen egin zen bileran datu hauek azaldu ziren.

“Gizonduz” formazio saioak

Testuinguru honetan eta Emakunderen laguntzarekin, gizonak berdintasunaren alde kontzientziatzeko formazio berezia egingo da. “Batik bat udaleko gizonezko zinegotziak gonbidatu ditugu formazioan parte hartzera eta gogotsu agertu dira. Plazak geratzen badira, herriko beste funtsezko eragileak ere animatuko ditugu parte hartzera” dio Karmele Uribarri, Ongizate eta Berdintasun zinegotziak.


Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa

Nahiz eta herrian landuta dagoen emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko protokoloa, berrikusi eta eguneratu beharra ikusten da. Helburu horrekin, udazkenean protokoloa lantzeko inplikatuta dauden talde eta eragile guztiekin bilerak egin eta protokolo berria definituko da.

Debagoieneko Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna, Aretxabaletan ospatuko da

Ekainaren 28an Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatuko da eta aurten Debagoieneko festa eguna Aretxabaletan ospatuko da. Aretxabaletako Udalak hasieratik agertu da prest laguntzeko egingo diren ekimen desberdinetan. Testuinguru honetan, hitzaldi bat antolatu du Chrysallis taldearen laguntzarekin. Ekainaren 26an egingo da, arratsaldeko 6etan, Arkupen. Aukera egongo da taldea ezagutzeko eta testigantza desberdinak hurbiletik ezagutzeko.

Honen harira, oraintsu Debagoieneko LGTBIQ+ eta feminista taldeek aurkezpena egin dute Aretxabaletan. “Gure aldetik prest agertu ginen aurkezpenean parte hartzeko baina erakundeetako ordezkaririk ez egotea erabaki zuten azken momentuan. Jakin badakigu erakundeok herri mugimenduaren atzetik goazela eta zentzu horretan, txalogarria da egiten duten lana. Hala ere, erakundeen babesa eta laguntza aprobetxatu behar da, denok bat egiteko eta aurrerapausoak emateko. Horregatik, protagonistak beraiek izanda, udalaren ordezkariak bertan egotea ere egokitzat ikusi nuen” deritzo Uribarrik.

Berdintasunek batu egiten gaituzte!

Ekainak 11-13 bitartean Bilboko Euskalduna jauregian ospatu den “Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa” izeneko konferentzian parte hartu du Aretxabaletako udaleko Ongizate eta Berdintasun zinegotziak. Europako 40 herrialdetako ordezkariak batu ziren konferentzian, 540 pertsona inguru. Mundu mailako erreferenteak bildu ziren, esperientzia desberdinak partekatu ziren eta elkarren arteko konexio eta harremanak finkatzeko ere balio izan zuen. “Aretxabaleta maila handiko konferentzia hauetan ordezkatua izatea oso garrantzitsua da guretzat. Bertan entzun eta jasotakoa kontuan hartuta, ikusi dugu bide onetik goazela, gauza askotan Euskadi erreferentea dela eta gure egiteko modua balioan jartzen dela” dio zinegotziak.