Aretxabaletako ingurunearen balio zein arrisku guneak identifikatzeko diagnostikoa
Giza-populazioak eta giza-jarduerek gure ingurunean dituzten eraginak handiak dira; planetaren mugak gainditu dituzte jadanik, natura ezezik, gizartea bera ere kaltetuz eta haren etorkizuna kolokan jarriz. Ingurumenaren eta gizakion arteko lotura estuak gero eta nabarmenago geratu dira.
Izan ere, jasangarritasunak erronka handiak ditu aurrean: klima-aldaketa, biodibertsitatearen gainbehera, baliabide naturalen gain ustiatzea edo herrialdeen arteko desorekak besteak beste. Erronka horietako batzuk globalak dira eta mundu-mailako erantzuna eskatzen dute; besteak, ordea, tokian tokiko baldintzen arabera aldatzen dira eta tokiko erantzunak behar dituzte.
Gipuzkoa oro har, eta Deba bailara zehatzago, dinamika eta erronka horien adibide dira. Aspalditik industria-tradizio handiko eskualdea izanik, XX. mendean ingurumen-narriadura handia jasan zuen. Deba ibaiak sekulako kutsadura-maila handia izan zuen, eta aire zein lurzoruen kutsadura ere oso handiak izan ziren.
Denborarekin, ordea, ingurumen narriatu batean bizi osasungarria ezinezkoa dela kontzientzia hartzen hasi zen gizartea, eta erakunde, enpresa eta pertsona ugariren elkarlanaz egoerari buelta ematen hasi zitzaion. Industriak birmoldaketa sakona izan zuen, ur zikinen saneamendu eta arazketa bultzatu zen, kontrolatu gabeko zabortegiak itxi ziren, herriguneak hobetzeko esfortzu handiak egin ziren, eta eremu natural batzuk babestu egin ziren.
Bide horretan sakontzen jarraitzeko, ordea, ezinbestekoa da ingurumen-diagnostiko zehatza izatea, balio eta arrisku nagusiak ezagutu gabe ezinezkoa baita giza-jarduerak optimizatu eta etorkizun jasangarriago baterako bideak markatzea.
Ikerketa
Aretxabaletaren kasuan, Udalak, askotan, zalantza handiak izaten ditu bere ingurumena baloratu eta kudeatzerakoan.
Horregatik, Aretxabaletako udalerriko diagnosia egiteko beharra ikusi da. Lanketa EHU-rekin elkarlanean egingo da, bertako balio natural zein arrisku nagusiak identifikatu eta etorkizunerako haien kudeaketa optimizatzeko asmoz. Helburu nagusia Aretxabaletako udalerriaren ingurumen-diagnosia burutzea da, eremu urbanoez gain landa-eremua eta ekosistema naturalak aztertuz. Diagnosia burutu ostean, hobetzeko beharra daukaten guneetarako proposamenak egitea ere bilatzen du.
Horretarako, lehenengo, dagoen informazioa bildu eta aztertuko da, dela Debagoieneko Mankomunitatean, dela Gipuzkoako Foru Aldundian edo beste erakundeetan. Analisi horrez gain, landa-irteerak egingo dira eta herritarrekin ere hitz egingo da, Aretxabaletan balio berezia duten eremuak identifikatu, haien gaineko arriskuak zerrendatu eta balizko irtenbideak zehazteko.
Azkenik, Udalari hurrengo atal hauek bilduko dituen txostena idatziko zaio Udalari:
- Ingurune fisikoa eta araudiaren araberako banaketa.
- Flora eta fauna: intereseko espezieak eta balizko inbaditzaileak
- Ur-masak: kalitate ekologikoa, arrisku eta potentzialitate nagusiak
- Ekosistema nagusiak: basoak, larreak…
- Ekosistema bereziak: labarrak, kobak…
- Landa-eremua: nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza
- Eremu urbanoak: ingurumen-egoera eta etorkizunerako mugak
- Diagnostiko orokorra. Puntu berdeak (babestu beharrekoak) eta puntu beltzak (hobetu beharrekoak), eta horiei begira Udalak egin dezakeenaren ildoak.
Apirilaren10etik, jada, Nerea Pagaldai Etxabe ari da aipatutako lana burutzen. Berarekin batera, Unibertsitateko Aitor Larrañaga eta Arturo Elosegi irakasleak ere arituko dira.
Aipatutako lan horien artean, apirilaren 18an, ingurunea sakonago ezagutzeko helburuarekin Aretxabaletako puntu ezberdinetan egon ziren EHUko Nerea Pagaldai, Arturo Elosegi eta Aitor Larrañaga, Aretxabaletako Udalako Angel Etxebe eta Ion Albizu zinegotziak eta baita zonaldeko bi basozain ere.
Inguruneko diagnostikoa, HAPOaren garapenaren barruan egiten ari den Ingurumen txostenaren osagarria izango da; eta basoak erosteko udal politikan ere oso lagungarria izango da; epe motzeko bi adibide aipatzearren.