Aretxabaletako ikasleek udalerriaren diagnostikoa egingo dute Eskola Agenda 2030 programaren baitan

2021/10/25

Garapen Iraunkorrerako Helburuen lanketa Agenda 2030aren ardatza izango da, udalerri mailan zein eskoletan. Aurreko ikasturtean helburu hauen aurkezpena egin eta 11. helburua den “Hiri eta komunitate iraunkorrak” landu zuten ikasleek. 2021-2022 ikasturtean lanketa honi jarraipena emango zaio elikadura, mugikortasuna eta energia aztergai izanik. Etapa ezberdinetako ikasleek gai bati ala besteari ekingo diote, udalerria hobetzeko proposamenak luzatzeko helburuarekin.

Horrela, ikasturtean zehar egindako lanketaren emaitzak udal ordezkariei aurkeztuko dizkiete ikasleek 2022ko maiatzean ospatuko den udalbatzar berezian. Bertan, Aretxabaletako egoera hobetzeko irtenbideak aurkeztuko dira, Udalari proposamenak luzatuz eta norberak bere konpromisoak azalduz. Izan ere, garapen iraunkorraren bidean pausoak ematen jarraitzea denon ardura da eta Udala zein herritarren inplikazioak duen garrantzia nabarmenduko da.

Udalerriko hiru ikastetxek hartuko dute parte 2021-2022 ikasturteko “Eskola Agenda 2030” egitasmoan: Kurtzebarri ikastetxea, Kurtzebarri Institutua eta Aretxabaleta Lanbide Eskola. Aretxabaletako haur eta gazteek dagokion adinari egokituriko azterketa burutuko dute Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ikasleen partaidetzarekin, guztien artean herriko diagnostiko borobila osatuko dutelarik.