Aretxabaletako idazleek liburuaren azokan parte hartuko dute

2022/04/22
Hitzordua Herriko plazan izango da hilaren 27an. Apirilaren 28an Arkupek HitzArtea ikuskizuna hartuko du, Jokin Mitxelena ilustratzailearen eta sei idazleren partaidetzarekin.

Liburuaren Egunaren harira, apirilaren 27an Herriko plaza Aretxabaletako eta inguruko idazleen liburuen erakusleiho izango da. Judit Ruiz de Munain, Dabid Agirre, Luis Jose Errasti eta Maider Triviño aretxabaletarrek, eta Xabier Oianguren eskoriatzarrak parte hartuko dute 18.00etatik 20.00etara bisitatu ahal izango den azokan.

Iazko esperientzia errepikatuz, egun bat geroago, apirilaren 28an, HitzArtea ikuskizuna hartuko du Arkupek. Jokin Mitxelena ilustratzaile ezagunak bailarako sei idazleren hitzak arte bihurtuko ditu. Agirrek, Errastik, Triviñok, Ruiz de Munainek eta Oiangurenek beren liburuen zatiak irakurtzen dituzten bitartean Mitxelenak zuzenean marraztuko du. Bergarako Idazle Eskolako zuzendariak, Tere Irastorzak, Karmele Igartuaren poema batzuk irakurriko ditu. Kasu honetan, hitzordua Arkupen izango da (18:30ean).