Aretxabaletako Ibarra Kiroldegian izango da Sinfonia Kooperatiboaren hurrengo geldialdia

2019/05/21
Musika, dantza eta sorkuntza literario bidezko esperientzia kooperatiboa. MONDRAGONen historia, oraina eta etorkizuna kontatzeko modu berri bat erakutsi nahi du Humanity at Music-ek.

 

“Humanity at Music-Sinfonia Kooperatiboa” ikuskizunaren herriz-herriko bira martxan dago jada eta hurrengo hitzordua Aretxabaletan izango da maiatzaren 25ean, 19:00etan, Ibarra Kiroldegian. Sarrerak 5 eurotan erosi daitezke Arkupe Kultur Etxean.

Fernando Velázquez-ek musikatuta eta Jon Sarasuak idatzitako ikuskizuna da. Bertan, abesbatza, dantza, bertso eta bestelakoekin gozatzeko aukera paregabea izango da. Aretxabaleta Abesbatza taldea, Leizarra Musika Eskolako haurren abesbatza, Arizmendi Ikastola Abesbatza eta Iubilo Bilbao Abesbatza izango dira bertan, Arrasate Musikal Orkestrarekin batera eta Iker Olazabalen zuzendaritzapean. Dantzan, berriz, Jeiki eta Leizarra Musika Eskolako dantzariak egongo dira eta baita Xabi Igoa bertsolaria ere.

Ibarra Kiroldegia emozioz betetzeko osagai guztiak dauzka ekitaldiak, izan ere, diziplina artistiko anitzeko ikuskizuna izango da, eta umore puntua ere ez zaio faltako. Finean, kooperatibagintzaren balioen aitzakian, musikaz, dantzaz eta bertsolaritzaz gozatzeko ekitaldia izango da.