Aretxabaletako gerrako umeei aitortza egin diete

2021/04/26

Aretxabaletako 1936ko gerrako umeei omenaldia egin zieten larunbatean Arkupen. Hungikarria izan zen Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideek gidatutako ekitaldia, Udalaren laguntzarekin.

Zazpi aretxabaletarrek aitortza jaso zuten: Francisca Monge Andres (Eibarko adinekoen egoitzan dago eta ezin izan zuen ekitaldian parte hartu); Amaia Alberdi Bengoetxea (haren anaia Imanol ere izan zuten gogoan); Maria Pilar Zubillaga Altube; Fernando Zubillaga Altube (orain dela aste batzuk hil da eta haren emaztea, Miren Elorza, igo zen oholtza gainera), eta Etxebarrieta-Oteiza anai-arrebak (Juanita, Manolo eta Olga Begoña).

Bigarren Errepublikaren aurkako kolpe militar faxistak milaka haur beren etxe eta herriak uztera behartu zituen, eta gerraren parte zuzena izan gabe, ondorio guztiak bizi behar izatera, erbestean. “Aita Untzillan zauritu zuten eta Bilbora eraman; han hil zen. Une berean, ama ere Bilboko ospitalean zegoen, orduantxe jaio nintzelako ni. Lau seme-alaba txikirekin geratu zen gure ama. Hiru nagusiak, Juanita zazpi urterekin, Fernando bostekin, eta Manolo bi urte eta erdirekin, Belgikara bidali zituzten. Ni amarekin Frantziara joan nintzen. Juanitari bi anaiak zaintzeko ardura eman zion amak. Zelan zaindu zituen gero!”, gogoratu zuen Olga Begoñak. Oso une hunkigarria izan zen.

Dagoeneko hildako gerrako umeak ere izan zituzten gogoan. 43 aretxabaletar, hain zuzen ere. Guztien izenak irakurri zituen Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide den Jose Ramon Intxauspek.

Debagoienak bere gerrako umeei oroimena erreskatatu du, ahanzturan ez erortzeko. Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan eta Elgetan egin dira omenaldiak.

ARETXABALETA - Gerra umiak