Aretxabaletak 14,8 M€-ko hasierako aurrekontua onartu du
Gobernu-taldearen hasierako proposamenak 19,4 M€-ko aurrekontua zuen, eta inbertsio nagusiak 2025ean egitea aurreikusten zuen, hori guztia arau fiskalek uzten dituzten margen estuengatik. Irailetik otsailera aldundiarekin egindako lanaren ondoren, datozen 3 urteetarako aurrekontu baten plangintza ezarri da. Horri esker, inbertsioak 4 alditan banatu ahal izan dira bi urtez.
Hau horrela, 2025ean eta 2026an, inbertsio batzuk aurrekontuen bidez onartuko dira, eta beste batzuk, berriz, aurrekontuen aldaketa batzuen bitartez eta aurreko urteko gerakinaren kontura. Gerakin horri dagokionez, espero da 2024ko itxierak 8 M€ ematea, eta zati bat apirilean sartzea.
Horren guztiaren helburua da Aretxabaleta nabarmen hobetuko duten azpiegitura-sare bat garatzea, lehendik daudenak hobetzea eta zerbitzu publikoak indartzea. Hori guztia, Legealdi Plana iparrorratz hartuta eta gobernu taldeak legealdi honetarako hartutako konpromiso gehienak beteta.
2025 urte honetarako planteatzen diren aldaketa estrategikoen ikuspuntutik zainketen ekosistemaren proiektua sendotzea dago. Horretarako, komentuaren eraikina izango da bere epizentroa, eta bertan kokatuko da ASE (Autonomia Sustatzeko Gunea). Horrekin batera, ateak irekitzear dagoen zentro soziosanitarioa pieza garrantzitsua izango da. Osakidetzarekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean garatzen ari den proiektua da.
Proiektu komunitario bat martxan jarriko dugu bailara mailan, gero herrietara jeitsiko dena, adinekoen hautatu gabeko bakardadearen lanketa espezifikoa egiteko. Talde motorra sortuko da bailaran eta baita herrietan ere eta horretarako Adinberriko diru laguntza garrantzitsua lortu berri dugu. Ondorioz, aholkularitza izango dugu prozesuan akonpainamendua egiteko
Bestalde, Errekabarreneko (Zainduz) osasun zentro txikian Emakume txokoa kokatuko dute, udaberrirako irekita egotea espero dena. Bertan hainbat jarduera egiteko asmoa dute; tartean jabekuntza eskola.
Negozio berriak eta enplegua sortzeko udaletik ematen diren laguntzetatik harago enplegua eta ekintzailetza bultzatu ahal izateko, aurten alokairurako laguntzetarako laguntza berri bat jarriko dute martxan.
Herritarren beharrei erantzun ahal izateko, diru partidak handituko dira, berriak sortuko dira eta zerbitzuak nabarmen hobetu ahal izateko postuak jarriko dira. Hala, kale-garbiketa, etxez etxeko arreta-zerbitzua, kiroldegia, udal-brigada… baliabide gehiago izango dituzte, beraz, zerbitzua hobetu egingo da. Aurrekontuaren barne-kudeaketa bera ere aldatu egin da, arinagoak eta eraginkorragoak izateko.
Inbertsio nabarmenei dagokienez, gune berrien sorrera azpimarratu behar dugu, hala nola, Gipuzkoa plazan egingo den gune estalia eta kiroldegi aurreko ur txorroten parkea. Biek 430.000 eta 450.000€ko aurrekontua dute, hurrenez hurren.
Irisgarritasunaren ikuspuntutik, Iturrizar/Txarapeako igogailua martxan jartzearekin eta udaletxean jarriko diren igogailuaren lanak hastearekin batera, jende askoren egunerokotasuna hobetuko duten bi azpiegitura martxan jartzen dira. Hori guztia dagoeneko martxan dagoen mugikortasun/irisgarritasun planari lotuta.
Hainbat lekutan egingo diren hobekuntzei dagokienez, Andramariko kantxa urbanizatzeko lanak nabarmendu nahi ditugu. Irailean hasiko direla espero dugu. Hobekuntza handia izango da, hainbat kale asfaltatuko baitira eta beste lan batzuk ere egingo baitira, hala nola Azatsako bidegorriko zubia konpontzea.
Era berean, eguzki plakak jarriko dira kurtzebarrin eta Arkupen, frontoia berritzeko proiektua idatziko da, kuartelean hobekuntzak egingo dira, haur parkeetan hobekuntzak egingo dira, Ederlaneko hondar beroa aprobetxatzeko proiektua martxan jarriko da… Argiteria publikoan, baserri bideetan, saneamenduan,… ere hobekuntza nabarmenak egingo dira.