Aretxabaleta tomatearen astean murgilduko da astelehenetik aurrera
Laugarren urtez jarraian, Aretxabaletako tomatea izango da protagonista irailean. Datorren astelehenetik larunbata arte adin guztiei zuzendutako ekintzekin gozatzeko aukera egongo da: tomatearen inguruko azoka berezia, tailerrak, lehiaketak eta pintxo ibilbidea, besteak beste.
Aretxabaletako Kultur zinegotzi den Ainhoa Caberok adierazi zuenez, ekimen honen bitartez “bertako produktuak oinarri moduan hartuta, gastronomia turismoa bultzatu nahi da”. “Oraingoan, Aretxabaletako tomatea ezagutaraziko dugu”, gaineratu zuen. Beraz, datorren astelehenean hasita, herriko haimaika tabernatan tomateaz prestatutako pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Hirusta, Iosu, Mugi, Orly, Taberna Berri, Bedarreta, Buket, Dagda, Exprex, Gurea eta Haizea tabernek parte hartuko dute pintxo ibilbide honetan.
Astea hilaren 21ean amaituko da Durana kalean ospatuko den azokarekin. Bertan, hogei bat postu egongo dira ikusgai, 11.00etatik aurrera. Tomate erakusketa popularrak, gastronomia elkarteen arteko lehiaketako tomate sopa hotzen dastaketak eta haziak ateratzen ikasteko tailerrak ere girotuko dute goiza.
Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Saila, Deba Garaia Landa Garapen Elkartea eta Aretxabaletako Udala dira antolatzaileak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.