Aretxabaleta eta Eskoriatza udalerrietan Gazteen Ongizate emozionalaren diagnostikoa egingo da, herritarrekin elkarlanean
Lortu nahi diren helburu nagusien artean, ondorengo hauexek daude:
- Udalerrietako gazteen ongizate emozionalaren diagnostiko zehatza egitea: drogen kontsumoa eta bestelako mendekotasunak, asialdiaren kudeaketa eta harremanen ingurukoa.
- Udalerrietako gizarte eragile ezberdinen parte-hartzea sustatzea. Horretarako lau partaidetza-foro antolatuko dira:
- Nerabeen foroa (12-16 urte). Ekainaren 18an burutuko dena. Bertan, guztira 40 nerabek hartuko dute parte. Foro hau, Aretxabaletan egingo da eta bi herrietako nerabeek hartuko dute parte bertan.
Foro hauetarako izen-ematea udazkenean jarriko dira martxan:
- Hezkuntza formala, Guraso elkarteak eta osasungintzako profesionala.
- Hezkuntza ez formala, udal teknikari eta zinegotzien foroa.
- Herrietako elkarte eta dendari-ostalariek osatzen duten foroa.
Guzti hau zergatik egiten da?
Adikzioen fenomenoa aldakorra da, eta beraz, bere garaian martxan jarritako ekintzak aztertu, ebaluatu eta eguneratzeko beharra ikusi dute Aretxabaleta eta Eskoriatzako Udalek, izan ere herritarren bizi kalitatean eragin esanguratsu eta zuzena duen arazo bat da. Diagnostiko honen lanketa herriko eragile, gizarte eragile eta gaiarekiko interesa duten herritar guztiekin osatu eta martxan jarri nahi da modu parte-hartzailean, gizarte osoaren inplikazioa eta konpromisoa ere ezinbestekoak direla gogoratuz.
Diagnostikoa idazteko eta prozesu hori dinamizatzeko ardura Garaia Osasunerako Sustapena, S.L enpresak izango du, osasun hezkuntzan eta adikzioen prebentzio arloan adituak direnak.
Diagnostikoaren etapa desberdinak
Lehenengo pausoa, Aretxabaleta eta Eskoriatzako egungo egoeraren diagnosi integral bat egitean datza.
Diagnostiko honek adikzioez gain, nerabeen asiaialdia, harremanak eta Ongizate emozionala aztertu nahi ditu nerabe, familia, erakunde eta elkarteen parte hartzea sustatuz. Hortaz, udalerrietan drogen kontsumoarekin eta bestelako adikzioekin, zein hauei loturiko arrisku eta babes faktoreekin lotutako errealitatea ezagutzeko balioko du.
Etapa honi dagokionez, , 12 eta 16 urte biztarteko nerabeen foro parte-hartzailea antolatu da ekainaren 18rako, bertan beraien bizi-ohituren, kontsumoen eta bestelako jarreren inguruan hitz egiteko aukera izango dute nerabeek.
Behin nerabeen informazioa jasota, iraila-urria bitartean ikasleek (Lehen Hezkuntza 5 eta 6.maila, DBH, Batxilergoa, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi mailako 1.go mailako Lanbide Heziketa) inkesta bat beteko dute ikastetxeekin elkarlanean, eta jarraian eztabaida-talde desberdinak antolatuko dira gaur egun egoeraz taldean hausnartzeko.
Talde ezberdinetan banatutako foro hauetara udalerrietako gizarte ordezkaritza zabala gonbidatuko da. Honetaz gain, herritar orok bere iritzia emateko aukera izan dezan, udaletako web-orrialdeetan gaiaren inguruko inkesta bat zintzilikatuko da.
Honen guztiaren helburua, herritarren parte hartzean oinarritutako proiektu bateratua sortzea da denon artean, herritarrek herriarentzat egindako plana izanik.
Diagnostikoaren aurkezpena, 2024ko abenduan egitea aurreikusten da.
Diagnostikoaren ondoren zer?
2025ean zabalduko da prozesuaren azken fasea. Fase honetan, osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definituko dira, datozen urteotan garatuko diren lehentasunezko esku-hartze lerroak ezarriz.