AppaHi!, Leintz bailarako hika praktikatzeko aplikazioa aurkeztu da

2023/11/29

Leintz Bailarako udalek (Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate) elkarlanean AppaHi! hika praktikatzeko aplikazioa aurkeztu dute Leintz Gatzagan.

Herri guztietarako berbera den aplikazioaren oinarrizko bertsio bat sortu da (ikasgaiak, mailak, galdera-erantzunak, taulak…), eta oinarrizko informazio horretatik abiatuta, aplikazioaren 4 bertsio argitaratu dira, herri bakoitzerako berea, tokiko informazioarekin aberastuta. Aplikazioa Badihardugu Euskara Elkarteak sortu du, CodeSyntaxen garapen teknikoarekin, eta dagoeneko nahi duenarentzako eskuragarri dago.

Alderdi ludikotik abiatuta, hizkuntzaren alderdi zehatz bat praktikatzeko aplikazioa da AppaHi! Hitanoaren alderdi teorikoa eta aditz-taulak ere aurkeztuko dira app-ean, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da, euskaldun guztiei eskainia, gazte zein adineko, euskara-maila edozein dela ere.

AppaHi! aplikazioak hitanoa oso modu errazean praktikatzeko eta ikasteko aukera ematen du, baita hutsetik hasita ere. Bost astetan, zailtasunik gabe, hitanoaren oinarrizko egitura guztiak eskainiko dira eta, galdera-erantzun bidez, hika hitz egiten hasteko behar adina erreminta emango zaizkio erabiltzaileari.

Egunero 10-15 minutu praktikatuta, 5 asteren buruan hika hitz egiteko prestatzen du.  35 egunetan, egunero pilula bat ematen da, informazio jakin batekin: azalpenak, marrazkiak eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator, partidetan antolatuta. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango da. Astero errepasoa egin eta mailaz igotzeko aukera egondo da.  Fin-fin arituta, 5 astean lortu ahal izango da atal guztiak osatzea eta hitanoaren oinarri guztiak lantzea.

AppaHi! doakoa da, eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.

Bestalde, Euskararen Eguneko egitarauaren baitan, Loramendi Euskara elkarteak, herritarrei aplikazioa aurkeztu eta nola erabili azalduko die. Hori, abenduaren 1ean izango da, 18:00etatik aurrera, udaletxe zaharrean.