Antzezlanak, dantza, zirkua eta zinema kalean, uztailean

2021/06/29
Lau ikuskizunek girotuko dituzte asteazken arratsaldeak, Trapu Zaharra, Erre Produkzioak, Hika Teatroa&Oinkari Dantza Taldea eta Malas Compañias Zirko Taldearen eskutik. Nerabeentzako bi film proiektatuko dira uztailaren 9an eta 16an.

Antzerkia eta zirkua dira uztaileko kultur egitarauaren ardatz nagusiak. Publiko orori zuzendutako lau proposamen izango dira ikusgai datorren hileko asteazken arratsaldeetan, Trapu Zaharra, Erre Produkzioak, Hika Teatroa, Oinkari dantza taldea eta Malas Compañias zirko taldearen eskutik.

Trapu Zaharra kaleko antzerki konpainia beteranoak irekiko du programa uztailaren 7an Por hacer un favor lan berriarekin. Beldur eszenikoa duen politikari baten inguruko komedia da, eta Santi Ugalde eta Lierni Fresnedo dira protagonistak. Hitzordua komentuko lorategian izango da, 19:00etatik aurrera.

Hilaren 14an, Erre Produkzioak taldeak Piraten istorio bat aurkeztuko du Herriko plazan, 19:00etatik aurrera. Ikuskizun honetan etxeko txikienek itsaso zakarraren zorigaitzak, gaueko magia eta adiskidetasunaren boterea ezagutuko dituzte. Keinu bidezko antzezlana da, arina, dibertigarria eta familian gozatzeko modukoa.

Uztailaren 21ean, Herriko plazan (19:00etan), Hika Teatroak, Oinkari Dantza taldearen laguntzarekin, Gazte ikuskizuna taularatuko du. 17 eta 25 urte bitarteko hamahiru dantzarik eta bi musikarik (DJ bat eta saxofoi jotzaile bat), euskal dantza tradizionaletik abiatuta, dantza garaikidearen mundua eta beste dantza moderno batzuk jorratzen dituzte lan honetan, ahotsari eta testuari lekua emateaz gain.

Malas Compañias Zirko Taldearen clown-ak eta umoreak itxiko dute egitaraua uztailaren 28an Kurtzebarri Eskolako kantxa (19:00etan) girotuko den Prozak ikuskizunarekin. Oso ohikoa ez den familia baten bidez, haurrak eta helduak egoera zentzugabeen unibertso batean murgilduko dira. Malas Compañias taldeak antidepresibo osasuntsu eta eraginkorra eskainiko du: barrea eta emozioa, akrobaziekin, airekoekin eta objektuen manipulazioarekin konbinatuta. Maite Guevara, Javier Garcia Mimo, Mikel Pikaza, Ariñe Azkue eta Koldo Arakistain dira ikuskizuneko protagonistak.

Aire zabaleko zinema

Gazteria udal sailak antolatuta, nerabeek bi filmekin gozatzeko aukera izango dute uztailean. Hilaren 9an Jumanji: siguiente nivel pelikula eskainiko da, eta 16an, Bad boys for life. Bi emanaldiak Herriko plazan izango dira (22:00etan).

Screamers&Sinners taldearen kontzertua

Aretxarte merkatarien elkarteak Ixadebalde azoka egingo du uztailaren 22an eta 23an, eta horren bueltan Screamers and Sinners musika talde atxabaltarraren kontzertua antolatu du Kultura sailak. Kontzertua hilaren 22an izango da, 19:30ean hasita.

Ekitaldi guztietan edukiera kontrolatuko da eta prebentzio-neurriak beteko dira.