Antzerkia eta Liburuaren Eguna izango dira apirileko egitarauaren protagonistak Arkupen
Antzerkia eta Liburuaren Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiak izango dira Arkupek apirilean eskainiko duen kultur egitarauaren ardatz nagusiak. Horrela, eskolako oporrak aprobetxatuz, apirilaren 8an Pepa ta Kutxo-Pailazokeriak izenburuko lanaz gozatzeko aukera izango dute haurrek, Xilipurdi antzertia taldearen eskutik. Klown ikuskizuna da, eta bertan elementu asko nahasten dira: pailazo klasikoen jokoak, mimoa, objetuak, ikusleen parte-hartzea eta absurduaren antzerkia.
Apirilaren 11an, hau ere haurrentzat zuzendua, Txontxongilo antzerki taldeak Erreka Mari ikuskizuna aurkeztuko du taula gainean. Lamien kondairei buruz hitz egiteko txontxongiloak oinarri dituen lana da. Publiko familiarrak hirugarren hitzordua izango du apirilaren 18an, Zirika Zirkus konpainiaren Zinemaz Blai antzezlanarekin. Zinemaren mundu magikoan murgilduko du ikuslea, zirkua, dantza eta umorea bezalako osagaietan oinarrituta.
Helduei zuzenduta, ordea, apirilaren 25ean Miss Spein bakarrizketa taularatauko du Aroa Blancok, Aitor Arabiourrutiaren zuzendaritzapean.
Ipuin kontalaria eta idazle atxabaltarrak
Liburuaren Egunaren ospakizunak protagonismo berezia du datorren hileko kultur programan. Era honetan, apirilaren 21ean Haur liburutegiak Iñaki Carretero ipuin kontalaria izango du gonbidatu, Ganbaran aurkitu dudan altxorra ikuskizunarekin. Saioa lau eta zortzi urte bitarteko haurrentzat pentsatuta dago, eta apirilaren 12tik aurrera eman behar da izena.
Hilaren 23an, aldiz, Maite Arrese narratzaileak eta Mau Ziemkiewich musikariak Basatiaren mintzoa ipuin musikatua eskainiko dute. Eta, amaitzeko, apirilaren 30ean Zaraia aretoko oholtza gainean Jokin Mitxelena ilustratzaile donostiarrak zuzenean marraztuko ditu, idazle atxabaltarrek bere azken lanen zati batzuk irakurtzen dituzten bitartean.
Bestalde, erakusketa gelan Irati Garaitonandia hamaika urteko aramaioarraren marrazkiak izango dira ikusgai.
Pintura ikastaroa
Horrez gain, Kultura sailak helduentzako pintura ikastaroa jarriko du martxan. Idoia Elexpuruk atxabaltarrak emango ditu klaseak apirilaren 12tik sanjoanetara arte. Arkupen elkartuko dira astelehen eta ostegunetan, 14:00etatik 16:00etara. Izen-emateak kultur etxean eman beharko dira apirilaren 6tik aurrera (85 euro).
Egitaraua:
- Apirilaren 8tik 30era arte. Irati Garaitonandiaren marrazkien erakusketa.
- Apirilaren 8an: Xilipurdi antzerki taldearen Pepa ta Kutxo-Pailazokeriak. 17:00etan. Hiru urtetik gorakoentzat (hiru euro).
- Apirilaren 11n: Txontxongilo antzerkiaren Erreka Mari ikuskizuna. Publiko familiarra. 17:00etan (hiru euro).
- Apirilaren 18an. Miss Spein bakarrizketa Aroa Blancorekin (gazteleraz). 19:00etan (lau euro).
- Apirilaren 21ean. Ipuin kontaketa. Iñaki Carreteroren eskutik, Ganbaran aurkitu dudan altxorra, udal liburutegian, 18:00etan. Izen-emateak apirilaren 12tik aurrera.
- Apirilaren 23an. Basatiaren mintzoa ipuin musikatua. Helduentzat. 19:00etan (lau euro).
- Apirilaren 25ean. Zirika Zirkus taldearen Zinemaz blai antzezlana. 17:00etan. Publiko familiarra (hiru euro).
- Apirilaren 30ean. Hitz-artea ikuskizuna. Idazle atxabaltarrekin eta Jokin Mitxelena ilustratzailearekin. 19:00etan.
- Apirilaren 12tik sanjoanetara arte. Pintura ikastaroa. Izen-ematea apirilaren 6tik aurrera (plaza mugatuak).
*Ikuskizunetarako sarrerak apirilaren 6tik aurrera jarriko dira salgai.