Antzerki, musika, film labur eta bertsolariekin itxiko du denboraldia Zaraia aretoak
Arkupek maiatzean agurtuko du denboraldia Zaraia aretoan, hamar bat proposamenekin: antzerkia, musika, film laburren emanaldia, bertsoak eta dokumental bat. Hala, datorren hileko egitaraua maitzaren 2an (igandean) irekiko da, Javier Liñerak idatzi eta zuzendutako Antonia antzezlanarekin, Arabako Ékoma Teatro konpainiako Aitor Perez Collado eta Begoña Martin Treviñok antzeztua. Ikuskizunak oroimenari eta nortasunari buruz hitz egiten du, eta galdera hau egiten dio bere buruari: zergatik gogoratu?.
Antzerkiari dagokionez ere, baina kasu honetan familiei zuzenduta, maiatzaren 9an Trokolo Teatroren Zurginaren ipuina ikuskizuna izango da taula gainean. Maiatzaren 7an Lekaixoka bertso eskolak arratsaldea bertsotan gozatzea proposatzen du, Oihana Arana, Martin Abarrategi, Beñat Lizaso eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin.
Dokumentalaren generoak ere bere lekua izango du beste behin egitarauan, kasu honetan, Granito Buffet: Vagabundos pirenaicos ikus-entzunezkoarekin. Lan honek Ivan Rouco eta Iñigo Iruretagoienaren abentura azaltzen du, Pirinioetako 214 hirumilakoak igo zituztenekoak. Mendi hitzordu hau maiatzaren 14an eta 21ean iritsiko da pantaila handira.
Horrez gain, Zinegoak, Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, hainbat herritan egingo duen ibilbidearen barruan, geldialdi bat egingo du maiatzaren 16an (ekainaren 4an ere bai) Arkupen. Ikusleek hiru film labur ikusteko aukera izango dute: Escames, On my way eta Carne.
Estitxu Pinatxoren kontzertua
Oraingoan, musika Estitxu Pinatxoren eskutik iritsiko da, eta honek Haize gorri batek kontzertua eskainiko du. Bere lehen diskoa berak konposatutako abestiek osatzen dute, euskaraz idatziak eta musika beltzaren ukitu argiz apainduak. Ahotsa eta pianoa dira kantari beratarrak maiatzaren 23an aurkeztuko duen proposamenaren oinarriak. Bi egun geroago, liburutegiak Bego Alabazan narratzailea izango du gonbidatu. Sagu txiki, sagu maite ikuskizuna aurkeztuko du, bi urtetik bost urtera bitarteko haurrei zuzenduta.
Bestalde, maiatzaren 5etik 31ra bitartean, Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen erakusketa izango da ikusgai. UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesko Katedrak eta Garabide Elkarteak antolatuta, erakusketa honek herritarrei bi kontu jakinaraztea du helburutzat: Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzi eta zein aukera dituen, eta bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun.
2.023 ikusle, edukiera txikia izan arren
Zaraia aretoak denboraldiari maiatzaren amaieran agur esango dio, ekainetik aurrera kaleko ikuskizunei bide emateko. Orduan, udako kanpainako klasikoen txanda izango da, 7x7 Kultura Kalean programaren kasuan bezala.
Arkupek Covid-19ari aurre egiteko segurtasun neurriek eta murrizketek markatutako denboraldia itxiko du. Orokorrean edukiera %50era murriztu da (batzuetan %60ra). Horrela, urritik apirilera bitartean, 2.023 ikusle igaro dira Zaraia aretotik, programatutako 50 bat ikuskizunekin gozatzeko.
Mendian hil, hirian hil eta Cholitas dokumentalek, Kepa Errasti atxabaltarrak idatzitako Xake Produkzioak taldearen Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanak, eta Txalo Produkzioak konpainiaren Losers lanak eskainitako saio ezberdinetan edukiera osatu zuten. Oreka Tx, Olatz Salvador, Paul San Martin, Xenturik Gabe taldearen Gu primer! ikuskizuna, eta Potxin eta Patxin pailazoak ere edukiera betetzetik gertu izan ziren.
Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak balorazio “positiboa” egin du Arkuperen zazpi hilabeteko funtzionamenduaz pandemiaren murrizketekin. "Covidaren aurkako protokoloa uneoro bete da; Arkupe, oro har, eta Zaraia aretoa bereziki, espazio seguruak dira. Edukiera erdira murriztu behar izan bada ere, 2.023 ikusle kopuru ona da, kontuan hartzen badugu saio guztiak betez gero kopuru hori 2.480koa izango zela", gaineratu du Caberok. Udazkenetik aurrera zinema Arkupera itzuliko dela ere aurreratu du Kultura zinegotziak.