Aldundiak Gipuzkoako etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzera gonbidatu ditu Aretxabaletako herritarrak
Etorkizuna Eraikiz kapsularen hirugarren fase honen amaierara iristen ari gara jada, eta aste honetan ere, lurraldeko herri desberdinetan egiten dabilen biran geldialdi berri bat egingo du, Aretxabaletan hain zuzen ere. Gaur goizean, kapsula herrira iritsi da, bertakoek lurraldearen etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak jasotzeko asmoz “Gipuzkoako biztanleak izango dira lurraldearen etorkizun, horregatik, haiekin elkarlanean eraiki behar dugu. Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten, eta denon artean amesten dugun lurraldea eraikitzen saiatu behar gara”, azpimarratu du Eider Mendoza Gobernantza diputatuak.
Mendozak Aretxabaletan bisitatu du kapsula, Unai Elkoro, Aretxabaletako alkatearekin batera. Foru arduradunak azaldu duenez, partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.
Kapsula Aretxabaletan jarri dute, herriko plazan, eta bertan egongo da goizeko 10:00etatik 19:00ak arte “Alde batetik Lurraldea egun nolakoa den kontatzen diegu kapsularen baitan, zeintzuk diren Gipuzkoako ezaugarri eta balore nagusiak. Eta ariketa bikoitza egitea eskatzen diegu haiei, alde batetik, 2040ra begira, hau da, hemendik 20 urte barru nolakoa nahiko luketen Gipuzkoa izatea. Eta aldi berean, konpromezu bat hartzeko eskatzen diegu, zein ekarpen egiteko prest dauden, ekarpen guztiek fruitua ematen bai dute ondoren, eta fruitu horri esker gaur egun, eta baita gobernantza kolaboratiboari esker, ekarpen horiek proiektu bilakatu dira”. gogoratu du Mendozak, herritar guztiei zuzendutako proiektua dela azpimarratuz. Dinamika horren helburua da, halaber, herritarrak gogoeta egitera eta lurraldearen etorkizunarekin konprometitzera bultzatzea.
Bestalde, Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak adierazi duenez, herritarren parte-hartzea “eskala guztietako politika publikoen diseinuan” egon behar da. “Udalean parte-hartze prozesu bat egin berri dugu, herritarrek erabaki ditzaten nola osatu kiroldegiko berdegunearen erabilerak. Jasotako emaitzek erakusten digute bide horretatik jarraitu behar dela. Etorkizuneko herriaren diseinuan, Hiri Antolamendurako Plana Orokorraren barruan, aretxabaletarren iritzia ere jasotzen ari gara, baita gauzatu diren beste ekimen batzuetan ere”, gaineratu du alkateak. Elkororen hitzetan, Etorkizuna Eraikiz kapsulari esker, Aretxabaletako herritarrek “guztiok nahi dugun etorkizuneko Gipuzkoaren eraikuntzan ere parte har dezakete”.
Etorkizuna Eraikiz kapsularen hirugarren fasea amaitu ondoren, jasotako ekarpenak aztertuko dira eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko dira. Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du, eta Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko lan egiten du, hainbat ekimenen bidez, hala nola, erreferentziazko zentroen, proiektu esperimentalen eta aurrekontu irekien bidez.
Ekimen parte-hartzaile hau oso interaktiboa da eta erabiltzaileari esperientzia bat sortzeko prestatu da, baina ezin dugu ahaztu bere helburu nagusia: ekimen honek herritarren parte-hartzeak eta lankidetzak lurraldearen beharrak konpontzeko duten garrantzia jasotzen du. “Gipuzkoa oso azkar hasi da aldatzen, etengabeko aldaketa prozesu baten aurrean gaude, eta garai berrietara eta gizartearen behar berrietara egokitu behar dugu; horretarako beharrezkoa da hainbat eragileren lankidetza, hala nola enpresa publiko-pribatuena, erakundeena, elkarteena… bai eta gizartearen parte-hartzea ere.