Adinekoen etxeetan su detektagailuak jarriko ditu Udalak

2020/02/21
Zerbitzua 80 urte beteta eta bakarrik bizi, edota adin horretako beste pertsona batzuekin batera bizi direnei zuzenduta dago. Instalazioa eta mantenimendua doakoa izango da.

 

Familia eta komunitate ingurunean adineko pertsonen segurtasuna hobetzeko helburuarekin, etxe partikularretan suteak prebenitzeko kanpaina jarri du martxan Udalak. Ekimena etxebizitzetan su detektagailuak jartzean datza, eta 80 urte beteta eta bakarrik bizi, edota adin horretako beste pertsona batzuekin batera bizi direnei zuzenduta dago.

Zerbitzuak hiru fase ditu. Lehenengoan, teknikariek ikuskapen bat egingo dute etxebizitzek dituzten arriskuak antzemateko, eta, horretarako, gasaren, galdaren, berogailuaren edo instalazio elektrikoen berrikuspenak egiaztatuko dituzte. Halaber, suteen prebentzioari eta suteen aurrean jarduteari buruzko oinarrizko ezagutzak emango dira, eta dagokion eskuliburua banatuko da.

Bigarren fasean, berriz, suteak antzemateko sistema egokituko dute. Kea dagoela ohartarazteko, soinu-alarma indartsu bat edo argi-alarma bat (gorrak badira) aktibatzen da. Eta hirugarrenean, etxebizitzaren eta eraikinerako irisgarritasunaren krokis bat egingo da, suhiltzaileei lana errazteko, esku hartu behar izanez gero. Kontua da erreakzio-denborak murriztea eta ebakuazio azkarra egin ahal izatea.

Aretxabaletako 492 herritarrek 80 urte baino gehiago dituzte. Lehen kanpaina honetarako Udalak diru-partida bat bideratu du, eta horri esker, dozena bat etxebizitza su detektagailuz hornitu ahal izango dira. Programak jarraipena izango du, eta itxaron zerrendan geratzen diren eskaerei hurrengo kanpainetan erantzungo zaie.

Atiempo enpresa arduratuko da instalazioaz eta mantentze lanez, eta doakoa izango da nagusientzat. Eskaerak udal Gizarte Zerbitzuetan (943 71 18 62) izapidetu behar dira, aurrez hitzordua eskatuta.