Adinekoen erorikoak prebenitzeko tailerra antolatu da

2022/10/11
Bi orduko saio teoriko-praktikoa izango da urriaren 24an Ibarra kiroldegian. Izena emateko epea zabalik dago osasun zentroan eta udal Gizarte Zerbitzuetan.

AtxabaltaMugi egitasmoaren barruan, adinekoen erorikoak prebenitzeko tailerra antolatu dute urriaren 24an. Egun bakarreko saio teoriko-praktikoa izango da, 65 urtetik gorako pertsonei eta beraien senideei edota zaintzaileei zuzenduta. Ibarra kiroldegian elkartuko dira parte-hartzaileak, 10:30etik 12:30era.

Saio hauetan hainbat gai azalduko dira: etxe barruan eta etxetik kanpo erorketak prebenitzeko aholkuak; ortopedia; teleasistentzia, etxez etxeko laguntza eta laguntza teknikoak; jarduera fisikoa (osasunerako onurak eta tailer praktikoa, oreka, propiozepzioa eta indarra), eta jarrera higienea (nola zutitu eroriko baten ostean, ohean etzan eta jaiki). Arropa erosoarekin joatea gomendatzen da.

Bi orduko tailer honetan parte hartzeko izena eman behar da, osasun zentrora deituta: 943 71 19 59, edo udal Gizarte Zerbitzuetara: 943 71 18 62 (doakoa da). Epea urriaren 21era  arte dago zabalik. Plazak mugatuak dira eta gehienez 25 lagun onartuko dira.

Hainbat eragilek bat egin dute ekintza honen antolakuntzan: Udal Gizarte Zerbitzuak eta Kirol saila, Athlon, osasun zentroa, Eusko Jaurlaritzako Osasun saila eta herriko farmazia-ortopedia bat.