Adinekoei bideratutako gizarte zentroko lanak hasi dira

2022/11/28
Komentu zaharraren beheko solairuan Basotxo Jubilatuen Elkartearen egoitza, eguneko arreta zerbitzua eta erabilera anitzeko gela atonduko dira.

Komentu zaharrean egokituko den adineko pertsonentzako gizarte zentroko lanak abian dira. Urdinberri-Viuda de Sainz-Gertek ABEEak 2.093.080 euroko zenbatekoan egingo ditu obra hauek, urtebeteko epean.
Basotxo Elkartearen egoitza berria eta mendekotasun txikia duten adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua egokituko dira, baita erabilera anitzeko gela ere. Azken hau kaperan egongo da kokatuta.

Obren deskribapena

Obra gehienak beheko solairuan egingo dira, hiru hegaletan banatuta. Horietako batean, Basotxoko taberna kokatuko da, terraza eta guzti. Sarrera nagusia lorategitik izango da, arrapala batetik. Bigarren hegalean eguneko arreta zerbitzua egongo da kokatuta, beharren araberako espazio mugigarri batekin, eta hirugarrenean, aldiz, Basotxoko erantsiak atonduko dira (bulegoak).

Erdisotoko solairuan, bestalde, tabernako sukaldea, biltegi bat, langileen aldagelak eta instalazio teknikoen gela egongo dira. Komunikazio-nukleoa ere egokitu egingo da, eskaileren eta igogailuaren kaxaren bidez, lehenengo solairuarekin lotuta egongo direnak. Horrela, etorkizunean proiektuaren bigarren faseari ekiteko komunikazioak prest utziko dira, komentuko lehenengo solairuan adineko pertsonentzako tutoretzapeko apartamentuak aurreikusten baitira.

Kaperari dagokionez, maila bereko espazio bat sortuko da, leihateak irekitzearekin batera. Gela intsonorizatu egingo da eta komuna eta biltegi bat ere izango ditu. Modu independentean funtzionatzeko, sarbide propioa izango du oraingo sarrerako gunean.

Bestalde, eraginkortasun energetikoaren ikuspegitik, eraikinak aerotermia sistema eta eguzki plakak izango ditu teilatuan.