Adin guztietarako 60 ekitaldi baino gehiagorekin itzuliko dira Andramaixak

2022/07/21
Musikak leku nabarmena du El Drogas, Itziar Yagüe, Merina Gris, Nhil, Yogurinha Borova eta Wood Strings taldeen kontzertuen eskutik. Rockalean eta Los rebeldes del swing taldeek ere kaleak girotuko dituzte. Pregoia eta txupinazoa botatzeaz Manolo Zubillaga arduratuko da. Abuztuaren 14tik 17ra Escape Room Karabanarekin gozatzeko aukera egongo da. Su artifizialak hilaren 15ean berreskuratuko dira.

Hiru urtez ospatu gabe egon ondoren, Andramaixak osagai guztiekin itzuliko dira herriko kaleak musikaz, alaitasunez eta festaz betetzeko, abuztuaren 13tik 17ra bitartean.

"Une hau iristeko gogoa genuen, bi urteko geldialdia luze egin baita. Gure ohiturak aldatu behar izan ditugu, gizarte harremanak murriztuz eta jairik ezin antolatuz. Zorionez, egoerak hobera egin du eta aurten, abuztuaren erdialdean, gai izango gara berriz ere Andramaixak behar bezala ospatzeko", adierazi du Unai Elkoro alkateak jaien egitarauaren aurkezpenean.

Alkateak azaldu duenez, 2022ko Andramaixak "berriro elkartzeko jaiak" dira, eta antolatu den programa "ilusio handiz" landu dela ere azpimarratu du. Ildo horretan, eskerrak eman dizkie berau antolatzeko lanean aritu diren pertsona eta eragile guztiei. "Argi dago festarako gogoa dugula, baina galdutako denbora berreskuratzeko nahiak ez gaitu itsutu behar. Beraz, oraindik aste batzuk falta diren arren, elkarrenganako errespetuz jokatzeko deia egiten dut, guztiok jaietaz goza dezagun", nabarmendu du alkateak.

Elkorok, Ainhoa Cabero Kultura zinegotziarekin, Inma Miguel teknikariarekin, Jasone Garzia- Etxabe EH Bilduko zinegotzi eta Kultura Batzordeko kidearekin, eta Andramaixen antolakuntzan parte hartzen duten hainbat eragilerekin batera eman ditu jaien egitarauaren xehetasunak.

Aurten festetarako aurrekontua handitu egin da eta 117.902 eurora iritsi da. Kultura zinegotzi den Ainhoa Caberok azaldu duenez, adin guztientzako ekitaldiak biltzen dituen programa eratu da. Aurtengo Andramaixak iragartzen duen kartela Nerea Iturbe Rojas aretxabaletarrak egin du. "Estetika desberdineko kartel bat da, gaueko alaitasuna irudikatzen duena", azpimarratu du Caberok.

Pregoia eta txupinazoa botatzeaz Manolo Zubillaga arduratuko da. Pregoilari izendatuta, Udalak Zubillaga “herriarekin duen inplikazioa” aitortu nahi izan du.

Musika, escape room, su artifizialak, pilota…

Abuztuaren 13tik 17ra, 60 ekitaldi baino gehiago izango dira primeran pasatzeko. Musikari dagokionez, El Drogas, Itziar Yague blues abeslaria eta Wilson & Wilsonetis-en (Fito&Fitipaldis tribute band) kontzertuez gain, Rockalean eta Los rebeldes del swing taldeek kaleak girotuko dituzte, Bide Batez taldearen dantzaldiarekin batera. Gazte Ekimenak, ordea, Txerrikumeak, Neallta fola, Jasan, Iluminatizz, Virgin Mari Dj Set, The Big Mac, Oihu, Sound System, Nhil, Merina gris, Yogurinha Borova eta Wood Strings taldeen kontzertuak programatu ditu, besteak beste.

Berrikuntzetako bat ‘Escape Room Karabana’ izango da, Kurtzebarri Eskolako kantxan jarriko dena. 16 urtetik gorakoek (hamar urtetik aurrerakoek heldu batekin parte hartuko dute), bi pertsonatik bostera bitarteko taldeetan eta 90 minutuko saioak eginez, gozatu ahal izango dute joko honetaz. Erreserbak (doan) www.lacaravanaescaperoom.com helbidean egingo dira.

Festek, gainera, su artifizialak berreskuratuko dituzte abuztuaren 15eko gauan. Kirolari dagokionez, abuztuaren 16an Leintz Bailarako txirrindulari lasterketaren 82. edizioa jokatuko da. Egun horretan pilota profesionaleko partidak ere izango dira Iturrigorri pilotalekuan.

Abuztuaren 16a, ohikoa denez, haurrei eskainiko zaie. Alkate txikiaren kargua Ihintz Alberdik beteko du aurten, eta Unax Agiriano alkateorde txikia izango da. Egunean zehar buruhandiak, Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia, haurrentzako parkea eta haurren bolo txapelketa izango dira. Abuztuaren 17an, gainera, ur jolasak egongo dira haurrentzat.

IKUSI EGITARAUA