Adimen-desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko helburu duen Pauso Berriak programan parte hartzen ari da Udala
Aretxabaletako Udalak Atzegik eta Gureak elkarlanean kudeatzen duten Pauso Berriak programarekin bat egin du. Ekimen honen helburua Gipuzkoako enpresa eta erakundeetan desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako lan aukerak zabaltzea da, eta, aldi berean, ikusaraztea, eta gizarteratzen eta laneratzen laguntzea.
Donostian lau hilabeteko prestakuntza jaso ondoren, Maialen Biterik, 20 urteko eskoriatzarrak, aste honetan hasi du bere urtebeteko praktikaldia udaletxean. Astelehenetik ostiralera, lau orduko lanaldian (9:00etatik 13:00etara), hainbat lan egingo ditu Maialenek Arkupen eta beste udal zerbitzu batzuetan. Astelehenean udal ordezkariek eta lankideek ongietorria eman zioten.
Pauso Berriak 2010ean jarri zen abian. Une honetan, 150 pertsona baino gehiago parte hartzen ari dira programa honetan.
Ongi etorri Maialen!