Adierazpen instituzionala, Nazioarteko LGTBI+ Harrotasunaren Eguna dela eta

2020/06/24

Ekainaren 28an, 1969an Stonewallen izandako istiluak (New York) gogoan harturik, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen eskubideak defendatzeko. Berdintasuna, errespetua, aniztasuna, askatasuna eta tankera horretako balioak sustatzeko eguna da.

Urte hauetan zehar, LGTBI+ eskubideei dagokienez aurrerapausoak eman direla ikusi ahal izan dugu. Hala eta guztiz ere, eskubide horien onarpena ez da igaro onarpen formal hutsetik, eta, zoritxarrez, batzuetan ez da behar adina berme komunitate honen eskubideak egiaz errespeta daitezen; izan ere, aldi horretan bertan, LGTBI+ komunitatearen helburuok lortu diren herrialdeetan, uste bat sortu da, berdintasunezko gizarte batean bizi garela pentsarazten diguna. Eta, horren ondorioz, herrialde horietako askok eta askok bertan behera utzi dute LGTBI+ eskubideak lortzeko borroka, sinetsirik eginda dagoela egin beharreko guztia.

Denbora honetan zehar, jendarteak eta erakundeek berdintasuna eta diskriminaziorik eza ipini dituzte beren jarduera esparru nagusien artean, eta ahaleginak egin dituzte pertsona guztien egiazko beharrizanei erantzungo dieten neurriak garatzeko, guztia ere errespetuzko ekintzak sustatuz, oinarrizko eskubideak halaxe aitortuz eta diskriminazioaren aurrean erabateko babesa bultzatuz.

Aretxabaletako Udalak bat egiten du egun honetako aldarrikapenekin, eta jendarte errespetuzkoagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du.