A25eko Adierazpen instituzionala

2021/11/25

“Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako Nazioarteko eguna ”

Gaur, modu berezian gogoratu nahi ditugu aurten Euskal Herrian hildako bost emakumeak, jendartearen aitorpen eta elkartasun osoa merezi baitute. 2003. urtean hasi ziren emakumeenganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen, eta geroztik 112 emakume eta 11 haur hil dituzte. Emakume asko dira indarkeria matxista jasaten dutenak eta egoera horiek saihesteko ezinbestekoa da denok indarrak batu eta horren kontra lanean jarraitzea.

Baina arazo hau ez da soilik emakumeena, jendarte osoa interpelatzen du. Oraindik ere beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea.

Jokabide batzuk oso erraz identifikatzen ditugu, gehienbat izebergaren puntan kokatzen ditugunak, hala nola erailketak, bortxaketak eta indarkeria fisikoa, oro har. Hala ere, badira beste batzuk sotilagoak direnak, eta normalizazio-maila handia dutenez jendarteak askotan ez ditu horiek zalantzan jartzen. Sotilak zein bortitzak izan, jarrera horiek guztiak aldatzen joateko ezinbestekoa da jendartearen eraldaketa osoa lortzea, eta helburu horrekin jarraituko dugu prebentzio eta sentsibilizazio ekintzak proposatzen eta eskaintzen.

Emakumeek pairatzen duten indarkeria, estruktura patriarkala duen jendarte batean bizitzearen ondorio zuzena da. Hain zuzen ere, genero-indarkeria tresna bat baino ez da emakumeak mugatzeko eta egoera ez-parekide batean mantentzeko. Politikak erantzukizun handia dauka egoera honen kontrako borrokan, eta horri aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen dugu gure indarrak batzea prebentzioan eta sentsibilizazioan.

Aurten, adibidez, “Nerabe eta gazteen arteko indarkeria matxistaren aurkako protokoloa” sortu dugu, beste departamentu eta eragile batzuekin batera, eta bertan, besteak beste, norabide horretan lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu dugu.

Azaroaren 25a Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako Nazioarteko eguna dela-eta, Aretxabaletako Udalak emakumeenganako indarkeria mota guztiak gaitzesten ditu, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko jendarte baterantz lanean jarraitzeko konpromiso irmoa adierazten du.

Gainera, herritarrei gogorarazi nahi diegu indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideen sarea eskuragarri dagoela; besteak beste, SATEVI (indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta zerbitzua - 900 840 111) eta ZEUK ESAN (haur eta nerabeentzako online eta telefono bidezko aholkularitza eta informazio zerbitzua - 116 111).

Bukatzeko, gure bizilagunei dei egiten diegu mugimendu feministak Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako Nazioarteko eguna dela-eta deitutako mobilizazioetan parte hartzera.