6 eta 12 urte bitarteko 125 haurrek Loratu programan parte hartuko dute
Udalak eta Loramendi Euskara Elkarteak antolatutako Loratu aisia hezitzaileko programan sei eta 12 urte bitarteko 125 haurrek parte hartuko dute. Ohiko udalekuak bertan behera uzteak ekarri dituen beharrei erantzutea da zerbitzuaren helburua, eta hiru astez eskainiko da, uztailaren 6tik 24ra arte.
Eusko Jaurlaritzak aisialdiko jarduerak garatzeko emandako dekretuan oinarrituta, Udalak prebentzioko eta jarduteko protokolo bat diseinatu du segurtasun eta higiene neurriak betetzeko.
Horrela, parte-hartzaileak talde txikietan banatuko dira, gutxienez zazpi kidekoak eta gehienez hamahirukoak. Pilaketak saihesteko, talde horietako bakoitzak bere erreferentzia espazioa izango du, eta bertan hasiko eta amaituko dira eguneroko jarduerak. Topaguneak honako hauek izango dira: Iralabarri plaza, Iturrizar plaza, Murubide, Errekabarren eta Belorrieta (eguraldi txarra eginez gero, Zainduz lokalean, ludotekan, Iturrigorri pilotalekuan, udaletxe zaharrean eta Kurtzebarri eskolan bilduko dira).
LAU ORDU EGUNEAN
Aurten udaleku irekien programa koronabirusaren krisiak sortutako egoerara egokitu behar izan da. Parte-hartzaileak egunero lau orduz bilduko dira, 9:00etatik 13:00etara, prebentzio eta urruntze neurriak betetzea lehenetsiko duten hainbat jarduera eta jolasekin ondo pasatzeko. Etengabeko kontaktu fisikoa eskatzen duten jarduerak saihestuko dira, eta ingurune naturala aprobetxatuko da mendi edo bizikleta irteerak egiteko, besteak beste.
Parte-hartzaile guztiei maskara berrerabilgarri bat emateaz gain, egun bakoitzaren hasieran tenperatura hartuko zaie. Eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoak ere izango dituzte eskuragai, eta motxila batean ura, eguzkitako krema, hamarretakoa eta margotzeko pinturak eramango dituzte.
Taldea 21 begiralek eta bi zuzendarik osatuko dute, Loramendi Euskara Elkartearen koordinaziopean. Programa hau martxan jartzeko Udalak 42.500 euro inguruko aurrekontua bideratuko du.