325 haurrek parte hartuko dute aurtengo udalekuetan

2021/07/01
Astelehenetik uztailaren 23ra arte herrian eta ingurune naturalean burutuko diren ekintzekin gozatzeko aukera izango dute 4 eta12 urte bitartekoek. Hamar kide izango dituzten ‘burbuila’ taldeak osatuko dira.

4 eta 12 urte bitarteko 325 haurrek (2009tik 2017ra jaiotakoak) parte hartuko dute datorren astelehenetik uztailaren 23ra arte Udalak eta Loramendi Euskara Elkarteak antolatu dituzten udalekuetan. Astelehenetik ostiralera, egunean lau orduz -9:00etatik 13:00etara- ekintza ugarirekin gozatzeko aukera izango dute (2017an jaiotakoentzat ordutegia 10:00etatik 13:00etara izango da).

37 begirale arduratuko dira herrian eta ingurune naturalean egingo diren ekintzak dinamizatzeaz. Hamar kide izango dituzten “burbuila” taldeak osatuko dira Covid-19aren aurkako neurri gisa. Jarduteko protokolo bat ere zehaztu da:

1. Haurra etxetik tenperatura hartuta etortzea gurasoen ardura izango da.
2. LHkoentzat derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea.
3. Haur bakoitzak egunero motxila batean ondokoak ekarri beharko ditu: gel hidroalkoholiko pote bat, hamarretakoa, ura eta eguzkitako krema.
4. Partaideren batek udalekuetako ordutegia baina lehenago joan edo etorri egin behar badu, aurrez adierazia izango du eta zuzendariak antolatuko du nola egingo den joan-etorria.
5. Begiraleak talde partaideen osasun egoeraren berri informatuak mantenduko dira.
6. Partaideren batek medikura joan beharra badu, programaren zuzendaria informatua egongo da Covid-19arekin loturiko sintomagatik den ala ez.

Programa hau martxan jartzeko Udalak 65.800 euroko aurrekontua bideratu du.

Hemen talde bakoitzaren programazioa.