320 haurrek udalekuez gozatuko dute astelehenetik aurrera

2022/07/01
Uztailaren 22ra arte luzatuko dira; egunean lau orduz, 9:00etatik 13:00etara. 34 begiraleko talde batek dinamizatuko ditu ‘Loratu Udalekuak’ programaren barruan antolatutako ekintzak.

. 3 eta 12 urte bitarteko 320 haurrek parte hartuko dute uztailaren 4an hasiko diren udaleku irekietan. Bi urtez pandemiaren murrizketen menpe egon ondoren, udako programak normaltasuna berreskuratzen du, etxeko txikienek gozatzeko ekintza ugari proposatuz.

Loramendi Euskara Elkarteak kudeatuta, Loratu Udalekuak hiru astez luzatuko dira, uztailaren 4tik 22ra. 34 begiraleko talde batek egingo diren ekintzak dinamizatuko ditu, lau ordu egunero, 9:00etatik 13:00etara. Igerilekuetan freskatu, ingurutik irteerak egin (Apotza, Otala Zelai...), tirolinan ibili, mozorro eguna, ur jolasak, altxorraren bila, sanferminak, eskulanak… izango dira antolatuko dituzten ekintzetako batzuk. Gainera, ostiraletan programa berezia prestatuko dute.

Aisialdian euskaraz hitz egitea, naturarekin harremana izatea eta ondo pasatzea dira udalekuen helburuetako batzuk. Udalak 72.300 euro bideratu ditu udako programa ordaintzeko.

Bestalde, 12 eta 16 urte bitartekoei zuzendutako Udaero programaren barruan egingo diren ekintzetan ehun gaztetxo baino gehiagok eman dute izena.