2025-rako aurrekontu proposamena
Gobernu taldeak 2025-rako aurrekontu proposamena aurkeztu du. Proposamena denbora luzez landu du Udalak eta duela hilabete aurkeztu zuen Legealdiko Planaren barruan dago. Proposamen hori oposizioari helarazi zaio eta harrera ona izan du. Orain, ibilbide teknikoari ekin zaio eta laster, osoko bilkuran onartzeko asmoa dago.
2025eko aurrekontuaren helburu nagusia etorkizuneko Aretxabaleta garatzeko oinarriak eraikitzea da. Horrek esan nahi du, berdintasun politikak garatzeko, zaintza ekosisteman sakontzeko edo komunitatea indartzeko baliabideak sortzeko urtea izango dela. Ez da 2025ean amaituko, baina etorkizuneko proiektu indartsuen oinarriak jarriko dira martxan. Horretarako, ahalegin handia egingo da hainbat baliabide sortzen.
Horrek 2025eko aurrekontuetan azken urteetan egindako inbertsiorik handiena izatea ekarriko du. Anbizio handiko aurrekontuak dira, eta Udaletik kontziente gara agian asmo guztiak ezin direla urtebetean denak gauzatu, baina behar den inplikazio guztia jarriko dugu horretan.
Aurrekontu hau kudeaketa eraginkorrago baten hasiera ere bada, eta horrek aldaketa sakonak ekarri ditu egituran. Malgutasuna izan du helburu, batetik, eta baliabideen erabilera hobetzea, bestetik. Horretarako, aurrekontua 11 sailetan banatu da, eta departamentu horiek 3 arlotan. Sailen arabera, hauek dira sail bakoitzera bideratutako kopuruak.
Aurrekontu orokorreko 7 M € inbertsioetara bideratuko dira, eta esanguratsuena espazio publikoetan egindako inbertsioa izango da. Horrek erakusten du Udalak espazio berriak sortzeko eta daudenak eroso eta erakargarri egiteko borondatea duela. Hala ere, badaude inbertsio kopuru handiak jasoko lituzketen beste arlo batzuk, hala nola kirola, hezkuntza edo ingurumena. Hona hemen inbertsiorik esanguratsuenak:
ASFALTATZE LANAK |
500.000,00 |
ANDRAMARI AUZUNEKO URBANIZAZIOA |
450.000,00 |
KIROLDEGI AURREKO KIROL GUNEA |
450.000,00 |
GUNE ESTALIA |
430.000,00 |
KURTZEBARRIKO KOMUNAK-GIMNASIO |
400.000,00 |
INSTITUTU BERRIA ERAIKITZEKO LURRAK EROSTEA |
520.000,00 |
UDALETXERAKO IGOGAILUA |
350.000,00 |
KONBENTUKO LORATEGIA ETA PASARELA |
670.000,00 |
URBANIZAZIO LANAK |
300.000,00 |
ITURRIZAR/TXARAPEA IGOGAILUA |
348.000,00 |
FRONTOIA ERABERRITZEA |
250.000,00 |
INBERTSIOA ENERGIA AURREZTU/SORTZEKO |
330.000,00 |
PARTZELEN DESLINDEA |
130.000,00 |
KUARTELAREN HOBEKUNTZAK |
100.000,00 |
EDERLANEKO BEROA APROBETXATZEKO |
85.000,00 |
LAUSITTA ETA DURANAKO PROIEKTUAK |
90.000,00 |
UMEEN PARKEEN INBERTSIOAK |
50.000,00 |
ARBOLEN LANDAKETA BERRIAK |
40.000,00 |
Dena den, inbertsioetatik at, hainbat proiektu eta ekimen ezberdin ditu udalak, baita mantentze lanetan esfortzua egiteko asmoa ere bai.
Hala, 2025. urtea izango da zaintza ekosistemaren proiektua sendotzeko urtea. Horretarako, komentuaren eraikina izango da bere epizentroa, eta bertan kokatuko da ASE (Autonomia Sustatzeko Gunea), eta beste zerbitzu batzuk garatzeko proiektuak daude martxan jartzeko. Horrekin batera, zentro soziosanitarioa pieza garrantzitsua izango da, eta Osakidetzarekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean garatu nahi da proiektua.
Bestalde, Errekabarrenen (Zainduz) dagoen osasun zentro txikian Emakume txokoa kokatuko da, eta urte hasierarako zabalik egotea espero da. Horretarako, parte-hartze prozesu bat egin da azken hilabeteetan, hainbat emakumeren parte-hartzearekin. Lokal horretan hainbat jarduera egiteko asmoa dute; besteak beste, jabekuntza eskola. Etorkizunean, lokal horretako zerbitzuak zabaltzea aurreikusten da.
Ingurumenaren ikuspegitik, Udalak hainbat ekintza egingo ditu, eta uraren kudeaketan eta zuhaitz-birlandatzean jarriko du arreta. Ingurumen politikak garatzeko, aurten EHUk egindako ikerketa izango da aurrera eramango diren proiektu askoren oinarria.
Azkenik, espazio berriak sortzeaz gain, dauden espazioak txukundu nahi ditu udalak, eta, horretarako, baliabide gehiago jarri nahi ditu. Hau horrela, urte hasieran kontratatuko den igeltseroa, kale garbiketan egiten ari diren aldaketak, eraikinetan zein kaleetan egingo diren konponketak eta txukuntze lanekin, espazioen mantentze lanetan jauzi kualitatiboa eman nahi da.
Hau guztia aurrera ateratzeko, 2025ean, Udalak 19,4 milioi euroko aurrekontu-proposamena egin du, azken urteotako handiena. Kopuru horri aurre egiteko, udalak baliabide nahikoak ditu, eta, printzipioz, ez da zorrera jotzeko beharrik ikusten. Hala ere, proiekturen bat garatzeko beharrezkoa ikusten bada, finantzaketa eskatuko da.
Udalak erronka handia jarri dio bere buruari, eta orain arteko helburuak lortzea espero da. Bidean ere erronka berriak sortuko dira, eta udala horiei erantzuten saiatuko da ahalik eta modu egokienean.