2020an hasiko dira Santa Kurtz kalea berrurbanitzeko lanak
Santa Kurtz kaleko eta inguruko Hornidura eta Saneamenduko Plan Berezia datorren urtean hasiko da gauzatzen. Gobernu Batzordeak atzo eman zion oniritzia 2008an idatzitako proiektuaren aldaketaren esleipenari, kalearen azaleko akabera berriz diseinatzeko eta obrak berekin ekarriko duen inbertsioaren kostua eguneratzeko asmoz. Jarduerak Kurtzebarri eskolaren amaieraren eta kuartel zaharraren ondoan dagoen erdi-biribilgunearen arteko zatia hartzen du, Santa Kurtz kalearekiko perpendikularrak diren kale eta bazter guztiak barne hartuta.
Jatorrizko proiektuan Santa Kurtz kalerako planteatzen zen berrikuntzan hobetu beharreko alderdi batzuk zeuden. Alde batetik, irisgarritasun unibertsala betetzeari dagozkionak, eta, bestetik, hainbat aparkaleku kentzen ziren gaur egun aparkatzeko arazoak egon ohi diren gune batean.
"Gure lehentasuna oinezkoei ibilbide irisgarri, seguru eta jasangarria bermatzea da. Jardun ildo hori ahaztu gabe, azken akabera berriz diseinatuko da, ahal den neurrian egungo aparkaleku kopurua mantenduz”, azaldu du Hirigintza zinegotzi den Xabi Otxoak.
HERRITARREI HITZA EMANGO ZAIE
Santa Kurtz kalea eta bere ingurua eraberritzeko aztertuko diren alternatiba ezberdinak herritarrei azalduko zaizkie, auzoa berritzeko prozesuan partaide izan daitezen. Horrela, atxabaltarrek beren iritzia emateko eta egokitzat jotzen dituzten hobekuntzak proposatzeko aukera izango dute, diseinatutako aukera teknikoetan oinarrituta.
Behin betiko proiektua udaberriaren hasierarako prest egotea aurreikusten dutela jakinarazi du Hirigintza zinegotziak, lanak “2020ko bigarren seihilekoan zehar” hasteko asmoz.
Hornidura eta Saneamendu Plan Bereziak hainbat jarduketa aurreikusten ditu Santa Kurtzen eta ondoko kaleetan. Horrela, dauden azpiegitura-sare guztiak ordezkatuko dira, hala nola ur-hornidura eta euri-uren eta ur beltzen saneamendua, energia elektrikoaren sarea (aireko lineak lurperatu), argiteria publikoarena eta telekomunikazioena.
Era berean, irisgarritasuna hobetuko da, kalearen egungo egitura mantenduz, hau da, galtzadak eta espaloiak bereiziz. Oinezkoentzako sarbideetan eta motordun trafikorako bidean zoladura berrituko da.
Proiektuak obraren nondik norakoak zehazteko zain, helburu nagusia Santa Kurtz kaleko eta bere inguruetako zerbitzuak, zoladurak eta irisgarritasuna hobetzea izango da.