“ARGAZKIA.EUS”, Euskal Herriko II. Argazki Topaketa egingo da Aretxabaletan: hitzaldiak, erakusketak eta 4.000€ sarietan.
Topaketan, 500 euroko zortzi sari banatuko dira hautatuak izaten diren Aretxabaleta, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako argazkilarien artean.
Euskal Herrian jaio edota bizi diren argazkilariek martxoaren 30ra arteko epea izango dute beren lanak aurkezteko. Horrela, 500 euroko saria jasotzeaz gain, aukera izango dute beren lana jendaurrean aurkezteko Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, eta baita maiatzan egingo den argazki-erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere.
Parte-hartzaile guztien artean, zortzi argazkilari hautatuko dira: bat Euskal Herriko probintzia bakoitzeko, eta beste bat Aretxabaletakoa. Zortzi pertsona horiek igoko dira agertokira, maiatzaren 10ean, beren argazki-proiektua aurkeztera, eta haien obra egongo da erakusgai maiatzan Arkupe kultur etxeko erakusketa-aretoan.
Topaketan parte hartu ahal izateko, interesdunek karpeta bat aurkeztu beharko dute martxoaren 30a baino lehen, honako hauek jasotzen dituena: argazki-proiektuari buruzko argibideak ematen dituen PDF bat, curriculum artistikoaren PDFa, NANaren kopia edo Euskal Herrian jaio edota bizi dela ziurtatzen duen agiria, eta proiektuaren 20 irudi solte (JPG formatuan, 1920px alderik luzeenean eta 72 ppp-tan).
Konprimatu ondoren, karpeta hori WeTransfer bidez bidali beharko da argazkia.eus@gmail.com helbidera, martxoaren 30ko 23:59ak baino lehen.
Euskal Herriko bigarren argazki-topaketaren irabazleen izenak 2025ko apirilaren 7an (astelehena) emango dira ezagutzera.
Beren proposamena bidaltzearekin, parte-hartzaileek konpromisoa hartzen dute maiatzaren 10ean (larunbata) egingo den topaketara bertaratu eta beren obra hitzaldi batean aurkezteko, eta baita erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere; betiere beren lana hautatuetako bat izan bada.