"2019ko soberakinarekin funtsezko zerbitzuak mantenduko ditugu; bestela ezingo genuke, diru-sarreren jaitsiera aurreikusten dugulako"

2020/04/14
2019ko ekitaldiaren itxierak ia 2,6 milioi euroko diruzaintzako gerakina utzi du. Udalak Covid-19tik eratorritako beharrei erantzuteko 2020ko aurrekontua doituko du.

Aretxabaletako Udalaren 2019ko ekitaldi ekonomikoaren likidazioak 2.594.322 euroko diruzaintzako gerakina utzi du, eta Unai Elkoro alkateak aurreratu duenez, "funtsezko zerbitzuei” eusteko baliagarria izango da, diru-sarreren jaitsiera aurreikusten dela kontuan hartuta. Koronabirusaren inpaktuak aurtengo udal aurrekontua doitzera behartuko du Udala, lehentasunak finkatzeko eta Covid-19ko osasun krisiaren ondorio ekonomikoek sortuko dituzten beharrei erantzuteko helburuarekin.

Alkateak azaldu duenez, 2020ko aurrekontuak "gaur egungoak ez diren baldintzetan egin ziren, eta ziurrenik etorkizunean ere ez dira berdinak izango”. Horrek "eguneraketa bat egitera behartzen du, egoera berriari erantzuna emango dion tresna baliagarria izan daitezen". Elkorok ohartarazi du, "%20-25" inguruko jaitsiera espero dela Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik datozen diru-sarreretan, hau da, Udalaren aurrekontu proiektuaren %50. "Aurreikusitakoa baino 1 eta 1,5 milioi euro gutxiago jasotzea kalkulatu dugu, eta horrek hasierako aurrekontuaren % 10 baino gehiago suposatzen du", azpimarratu du alkateak.

Argitu du, gainera, Udalak Foru Funtsaren jaitsiera horri “aurre egin" diezaiokeela, azken bi urteetako ekitaldi ekonomikoetan "sortutako aurrezkiari" esker, inbertsio desberdinei ekin ahal izateko. Hala ere, "aurreikusitako jarduera guztiak berrikusi eta partida ekonomikoak egokitu" beharko direla nabarmendu du, "aurten ez ezik, legealdi osoan ere baldintzatuko gaituena".

OBRA BATZUEN HASIERAREN ATZERAPENA

2019ko aurrekontuen likidazioak 3,3 milioi euro baino gehiagoko gerakina utzi du, eta horietatik 738.840 euro konprometituta daude martxan edo gauzatzeke dauden proiektuekin, esaterako, Deba ibaiaren ezkerraldea inguratzen duen oinezkoen pasealekuaren amaierarekin eta Santakurtzeko bidegorriarekin. Gainerako 2.594.322 euroak tamaina handiko bi proiektutara bideratzea aurreikusita zegoen: Santakurtz kalea berrurbanizatzeko lanak eta komentu zaharra adinekoentzako zentro sozial bihurtzeko proiektutara.

Testuinguru berriaren aurrean, obra horiek, beste batzuek bezala, "atzerapena" jasango dutela aitortu du Elkorok. 'Santakurtz berrurbanizatzeko lanak ez dira aurten hasiko, eta komentuaren proiektuaren kasuan Osasun sailak anbulatorio berriaren inguruan hartzen dituen neurrien araberakoa izango da ', gaineratu du alkateak.

Aurrekontu aldaketa horrek ez die eragingo Udalak eskaintzen dituen funtsezko zerbitzuei. "Alarma egoera altxatu ondoren benetako egoera zein den jakingo dugu, eta lehentasun berriak ezarri beharko dira, udal baliabideak herrian antzemandako beharrei erantzutera zuzenduz", gaineratu du alkateak.

Hala, aurreikusitako proiektu batzuek itxaron egin beharko duten bitartean, beste batzuk, aldiz, aurrera eramango dira, aurten SantaKurtz kalean eraikiko den bidegorriaren kasu.

Udala konfinamenduaren ondorengo egunaren ondorioei aurre egiteko prestatzen ari da. Besteak beste, merkataritzako, ostalaritzarako eta profesional liberalentzako laguntzak martxan jartzeko lanean dihardu dagoeneko, baita udalerrian ekonomia suspertzera bideratuko diren beste ekintza batzuetan ere.