‘Kepa Junkera Berpiztu’ dokumentala otsailaren 9an iritsiko da Arkupera

2023/01/30
Euskal folk musika mundu osora zabaldu zuen trikitixaren maisuaren bizitza kontatzen du lan honek. 2018ko abenduaren 6an iktus bat jasan zuen ‘Maletak’ biran Ganteko (Belgika) agertoki batean. Iker Piris bluesmanak kontzertua eskainiko du otsailaren 23an, Nirek Mokar gazte paristarrarekin.

Kepa Junkera Berpiztu dokumentala, trikitilari bilbotarraren memoria eta lanari buruzkoa, otsailaren 9an iritsiko da Arkupeko pantaila handira (19:00etan). Fermin Aioak zuzendutako filmak trikitixaren maisu honen ibilbide musikala jasotzen du, baita 2018ko abenduan iktusa jasan ondoren bere ibilbide oparoaren bat-bateko etena ere.

Emanaldi hau Arkupe kultur etxeak datorren hilabeterako eskainiko duen kultur egitarauaren plater nagusia da. Halaber, beste musika eta antzerki proposamen batzuk ere izango dira, hileko erakusketa eta zinema komertzialaz gain.

Horrela, otsailaren 6an Marta Larrañaga Azaldegui Donostiako artista plastikoaren erakusketa zabalduko da. Larrañaga Arte Ederretan lizentziatua da, pintura espezialitatean. 1983tik gaur egun arte marrazketa eta pintura eskolak ematen ditu hainbat institututan, Guggenheim eta Bilboko Arte Ederretako museoetarako lanak egiteaz gain. Erakusketa hilaren amaiera arte bisitatu ahal izango da.

Antzerkiaren atalean, berriz, Ortzai konpainia gasteiztarrak La Cenicienta ikuskizuna eramango du Zaraia aretoko taula gainera. Publiko orori egokitutako Disneyren ipuin klasikoaren parodia honen eszenaratzea otsailaren 17an izango da (19:00etan).

Musika Iker Piris bluesman tolosarraren eskutik iritsiko da. Oraingo honetan, Boogie-Woogie-an aditu den Nirek Mokar gazte paristarra izango du lagun. Kontzertua otsailaren 23an izango da, 19:00etan.

Zinemari dagokionez, helduentzako saioetan Living (otsailaren 3tik 6ra), Babylon (10, 12 eta 13an) eta Operación fortune: El gran engaño (24tik 27ra) filmak proiektatuko dira. Haurrentzako, aldiz, honako hauek eskainiko dira: El gato con botas: El último deseo (otsailak 4 eta 5), Hopper Oilaskoerbia (otsailaren 12an), eta Rabbit academy: Pazko arrautzen lapurreta handia (25 eta 26).

Onintze Goitizekin ipuinak
Bestalde, udal liburutegiak hilean behin antolatzen duen ipuin saioak Onintze Goitiz narratzaile bilbotarra izango du gonbidatu. Hitzordua otsailaren 15ean izango da liburutegiko txiki txokoan, 18:00etatik aurrera. Plazak mugatuak dira eta izena emateko epea otsailaren 2tik 14ra egongo da zabalik.

*Zaraia aretoko programaren sarrerak otsailaren 1ean jarriko dira salgai Arkupen, eta online www.aretxabaleta.eus webgunean

IKUSI EGITARAUA