‘Irati’ asteburu honetan iritsiko da Arkupeko pantaila handira
Euskal mitologiak beteko du datorren asteburuan Arkupeko Zaraia aretoa Paul Urkijok zuzendutako “Irati” filmarekin. Pelikula horrek bost izendapen izan ditu Goya sarietarako. Horrez gain, Sitgeseko Nazioarteko Fantasiazko Zinemaldiko ikusleek ematen duten film onenaren Sari Nagusia eta sail ofizialeko Efektu Berezi Onenen Saria irabazi ditu.
Igandeko saioan Kepa Errasti aretxabaletarra egongo da, filmeko aktoreetako bat, Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate, Ramon Agirre eta Itziar Ituño ere protagonista dituena. Errastik pelikularen aurkezpena egingo du proiekzioaren aurretik. Emanaldi guztiak euskaraz izango dira, gaztelaniazko azpitituluekin.
Emanaldiak:
- Martxoak 3, ostirala: 22.00etan.
- Martxoak 4, larunbata eta 5, igandea: 19.30ean.
- Martxoak 6, astelehena: 16:00etan.
Sarrerak martxoaren 1ean jarriko dira salgai www.aretxabaleta.eus webgunean eta Arkupen.