‘Ipurbeltz’ ikuskizun familiarrak irekiko du igandean apirileko kultur egitaraua

2023/03/30
Musika, antzerkia, ipuinak, zinema eta erakusketa izango dira Arkupek eskainiko duen programaren edukiak. Liburuaren Egunean, apirilaren 23an, idazle aretxabaletarrek euren liburuak aurkeztu eta sinatuko dituzte.

Adin guztietarako aniztasunaren historia. Proposamen hori ekarriko du Ameztu Produkzioak konpainiak Zaraia aretora apirilaren 2an (17:00etan). Ipurbeltz ikuskizun familiarrak irekiko du datorren hileko kultur egitaraua, musika, zinema, ipuinak eta erakusketa ere eskainiko dituena.

Zuhaizti eta Arbi dira Ipurbeltz antzezlaneko protagonistak. Jolasaren, umorearen eta errespetuaren bidez, kolore eta ideia guztiek lekua dutela ohartaraziko dute.

Haurrek bigarren hitzordu bat apirilaren 23an izango dute (17:00etan). Egun horretan Kantu Kolore konpainiak Peru krokodiloa izenburuko muntaia taularatuko du, zuzeneko musikarekin. Elkartasuna, adiskidetasuna eta errespetua dira ikuskizun honetan sakontzen diren balioak.

Musikari dagokionez, Roberto Etxebarria musikari bizkaitarrak eta bere alaba Mirenek Kolpatuz hirugarren diskoa aurkeztuko dute; izpiritua eta sustraiak mantentzen dituen lana, baina musika tradizionalaren ikuspegi berrituarekin. Ikuskizun honetan Robertok (trikitixa, panderoa eta ahotsa) eta Mirenek (panderoa eta ahotsa) Pablo Bueno (gitarra), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Alvaro Garcia (mandolina) eta Ivan Allue (haizea) musikarien laguntza izango dute. Kontzertua apirilaren 21ean izango da, 20:00etatik aurrera.

Udal liburutegiak antolatutako ipuin saioan, aldiz, Leire Catala Alonsok Liburu magikoa ikuskizuna aurkeztuko du apirilaren 26an, lau eta zazpi urte bitarteko haurrei zuzenduta (18:00etan). Izen-ematea, gehienez 30 ikuslerentzat, liburutegian egin beharko da apirilaren 4tik 24ra bitartean.

Zine komertzialaren atalean bi film eskainiko dira Arkupeko pantaila handian: Mari (Dos), apirilaren 14tik 17ra, eta 20.000 especies de abejas, 27tik 30era. Haurrek, ordea, Oink Oink (15ean eta 16an), eta Super Mario Bros (apirilaren 29an eta 30ean) pelikulekin gozatzeko aukera izango dute.

Bestalde, Maider Urretabizkaia artista lazkaotarraren margolanak erakutsiko dira Arkupeko erakusketa gelan. Apirilaren 3tik 30era bisitatu ahal izango da (igande eta jaiegunetan itxita egongo da).

Liburuaren Egunak ere bere lekua izango du programan. Apirilaren 23an hainbat idazle aretxabaletarrek euren azken lanak aurkeztuko dituzte Arkupen (12:00etan): Jon Sarasua, Josune Murgoitio eta Judit Ruiz de Munain. Tere Irastorzak Karmele Igartuaren obra jasotzen duen liburuaren azalpenak ere emango ditu. Ondoren, Herriko plazan egingo den literatur azokan liburuak sinatuko dituzte.

Laburbira apirilaren 4an iritsiko da Zaraia aretora

Euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria, Laburbira 2023, apirilaren 4an iritsiko da Zaraia aretoko pantaila handira (19:00etan). Euskal sortzaileen ekoizpenez gozatzeko aukera emango duten zazpi film labur proiektatuko dira: Olatuen isiltasuna (Maria Bartolome, Erik Campos eta Fernando Martin); Muskil (Marina Perosanz); Koadro goiari heldu (Iulen Arana); Irrits (Maider Oleaga); Asko fala da? (Ane Cuesta), Hitzak (Josu Martinez) eta Erlojupekoa (Leire Egaña).

*Sarrerak www.aretxabaleta.eus webgunean eta Arkupen salgai egongo dira.