‘Ikastetxe-Klik’, Debagoieneko ikastetxeetan energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko proiektua
Energia garbi eta merkeena, kontsumitzen ez dena! lelopean Ikastetxe-Klik proiektua burutuko dute oraingo ikasturtean Debagoieneko hamar ikastetxek. Ikastetxeen eraikinetan energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko proiektua da Ikastetxe-Klik. Debagoiena 2030 ekimenak bultzatua eta udalek lagundua, energia eraginkortasunaren alorrean lanean dabilen ekoON enpresaren bidelaguntza izango dute prozesu guztian zehar.
Ikastetxe-Klik proiektua, eskualdean trantsizio energetikoa sustatzeko Debagoiena 2030 ekimenak bultzatutako Eraginez Piztu esku-hartze proposamenaren baitakoa da.
Oraingo ikasturte bukaerarako ikastetxeetako eraikinetako energia eta ur kontsumoak murriztea da ekimen honen helburua. Horretarako, neurri eraginkorrak proposatu eta praktikara eraman beharko dituzte.
Energia taldeak
Neurri horien proposamena eta jarraipena egiteko hezkuntza komunitateko kideez osaturiko Energia Talde bat sortuko da ikastetxe bakoitzean. Energia taldean ikastetxeko langileak –izan irakasle, garbitzaile, jantokiko langile…–, gurasoak eta ikasleak egongo dira ordezkatuta. Horrek bultzatuko du murrizketan ez ezik, eskola komunitate osoaren kontzientzietan ere aldaketak eragitea.
Ikasturtean zehar landuko dira, batez ere, ohitura aldaketak, programazio egokiak... Ikasgela bakoitzean arduradun energetiko bat izendatuko da eta haren ardura izango da geletatik ateratzen direnean –izan jolastokira edo eguna bukatzean– argiak itzaltzea, leihoak itxita daudela ziurtatzea berogailua piztuta dagoenean ...
Urte bukaeran ikastetxeek lortuko duten aurrezpenearen %50 bueltatu egingo zaio ikastetxeari (udalen ekarpen ekonomikoari esker) eta energia taldeko kideek erabakiko dute diru hori non inbertitu. Gainerako %50 inbertituko da efizientzia neurri berrietan.
Parte hartuko duten ikastetxeen zerrenda
Aretxabaletan: Kurtzebarri
Arrasaten: Arrasate Herri Eskola eta Arrasate Institutua
Arrasate eta Eskoriatza: Arizmendi (Almen eta Gazteluondo)
Bergaran: Mariaren Lagundia eta San Martin Herri Eskola
Elgetan: Elgetako Herri Eskola
Eskoriatza: Luis Ezeiza Herri Eskola
Oñati: Oñatiko Institutua eta Elkar-Hezi ikastetxea