‘Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen’ erakusketa ikusgai dago Arkupen

2021/05/06

Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen izenburuko erakusketa ikusgai dago hilaren 30era arte Arkupen. “Erakusketa honek euskal herritarrei bi kontu jakinaraztea du helburutzat. Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzi eta zein aukera dituen. Bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun”, azaldu dute antolatzaileek.

Beraz, Arkupera hurbiltzen den bisitariak hainbat kontakizun aurkituko du bertan, bakoitza hizkuntza batean eta bakoitza mundu batera hurbiltzen gaituen irudi batez lagunduta, indigenen hitzak eta indigenen begiradak islatzen dituzten paneletan bilduta.

Kolibriaren mitoa abiapuntu hartuta prestatutako liburuxkaren emaitza dira erakusgai dauden irudiak eta narrazioak. Horietako batzuk, gainera, QR kodearen bidez entzun daitezke.

Garabide Elkartea eta UPV/EHU Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrari esker iritsi da erakusketa Arkupera.