19 taldek parte hartuko dute martxoaren 26 ospatuko den Funtz Dantz dantza urbanoen jaialdian

2022/03/17
Ibarra kiroldegiak hartuko du lehiaketa, bi kategoriatan: absolutua, 16 urtetik gorakoentzat, eta juniorra, 15 urtetik beherakoentzat. Talde bakoitzak gehienez hiru minutuko koreografia bat aurkeztuko du, eta irabazleek BreakOnStage jaialdian parte hartzeko aukera izango dute.

2021eko etenaldiaren ondoren, Fun Dantz jaialdia Aretxabaletara itzuliko da. Martxoaren 26an dantza urbanoak izango dira protagonista Ibarra kiroldegiko kantxan muntatuko den eszenatokian. Guztira 19 talde bilduko dira jaialdi honetan, lehiaketa formatuan eta bi kategoriatan banatuta: absolutua, 16 urtetik gorakoentzat, eta juniorra, 15 urtetik beherakoentzat.

Bamboo (Donostia), Breathless (Iruñea), The Factory (Bilbo), Muses (Gasteiz), D 'Flow (Atarrabia) eta Bergarako Camden Town akademiako hiru ordezkari kiroldegian bilduko diren talde aipagarrienen artean daude. Horietatik hamalau maila absolutuan, eta gainerako bostak, juniorretan.

Publikoak dantza urbanoen estilo ezberdinez gozatu ahal izango du, gehienez hiru minutuko iraupena izango duten koreografien bitartez. Irabazleek, dirua eramateaz gain, maiatzaren 21ean Barakaldoko hainbat agertokitan egingo den BreakOnStage jaialdian parte hartzeko aukera izango dute.

Epaimahaia dantza urbano eta garaikideko hiru adituk osatuko dute: Alberto Pardok (Allstyle), Sarak (Vogue, dance hall) eta Carminak (hip-hop). Jaialdiari irekiera emateko hirurek dantzatuko dute.

Fun Dantz ekimenaren lehen edizioa 2014an ospatu zen, BreakOnStage Hiri Kulturen Nazioarteko Jaialdiaren eta Aretxabaletako Udalaren arteko lankidetzaren ondorioz.

Beraz, Euskal Herriko dantza urbanoen talde onenen erakusleiho bihurtuko da kiroldegia martxoaren 26an. Ikuskizuna 18:30ean hasiko da eta 70 minutuko iraupena izango du. Sarrerak bost eurotan salgai daude Arkupen eta www.aretxabaleta.eus webgunean (erosi zure sarrera).