153 boto eta 82 herritarren proposamen Santakurtz kalea berrurbanizatzeko proiektuari
Aparkaleku gehiago, 150era iritsi arte, eta zabalera txikiagoa oinezkoentzako guneetan, irisgarritasuna bermatuz. Aukera horrek jaso du babes gehien herritarren artean, Udalak joan den martxoan Santakurtz kalea berrurbanizatzeko iritziak jasotzeko martxan jarri zuen prozesuan. 129 boto izan dira, atxabaltarrek emandako 153 botoetatik, alternatiba horren alde agertu direnak, eta 21, berriz, aparkatzeko 132 plaza eta oinezkoentzako espazio zabalagoak egokitzean oinarritutako proposamena babestu dutenak. Gainerako hiru botoak zuriak dira.
Gainera, herritarren 82 ekarpen jaso dira eta udaleko zerbitzu teknikoek aztertuko dituzte. Bideragarritzat jotzen diren proposamenak aipatutako kalearen birmoldaketaren nondik norakoak zehaztuko dituen proiektuan sartuko dira.
Udalaren asmoa Santakurtz kaleko lanekin aurten hastea zen, inbertsioari, -1,8 milioi euro baino gehiagokoa- 2019ko ekitaldiko diruzaintzako gerakinarekin aurre eginez. Hala ere, koronabirusaren osasun krisiaren eraginak planak aldatzera behartu du, eta lan horiek "gutxienez 2021era arte" atzeratu beharko dira.
Udalaren inbertsio-ahalmena murriztu egin da COVID-19k sortutako beharrei aurre egiteko, eta 2019ko aurrekontuaren soberakina udal-izaerako funtsezko zerbitzuei eusteko ere erabiliko da. "Horrek ez du esan nahi Santakurtz berrurbanizazioa ez denik beharrezkoa edo lehentasunezkoa, baina egungo egoera ekonomikoak oraingoz mahai gainean uztera behartzen gaitu, sortu diren behar berriei erantzuteko", azaldu du Unai Elkoro alkateak.
Udalak bere ekarpenak egin dituzten herritarrei erantzungo die. Onartuko diren proposamenek aurten Asmatu enpresak idatziko duen proiektua osatuko dute.
HERRITARREN PROPOSAMENAK
Oztopo arkitektonikoak kentzea, espaloiak zabaltzea, erreiak estutzea ibilgailuen zirkulazioaren abiadura murrizteko eta oinezkoen eta autoen gidarien ikuspena hobetzea dira Santakurtz kalea berrurbanizatzeko gakoetako batzuk. Horiek guztiak osatzeko hornikuntza eta saneamendu sareak berrituko dira. Proiektuak Kurtzebarri eskolako eraikinaren amaieraren eta kuartel zaharraren ondoan dagoen erdi-biribilgunearen artean dagoen zatia hartzen du, kale perpendikularrez gain.
Oro har, herritarrek kaleak aparkaleku eta berdegune gehiago izatea eskatzen dute, irisgarritasuna eta argiztapena hobetzeaz gain.
Gehien errepikatzen diren proposamenak honako hauek dira:
1. Aparkalekuak: Plaza gehiago jartzea, aparkalekuak margotzea, Amets taberna aurrean linean aparkatzea, Santakurtz kalean TAO ezartzea bertakoek lehentasuna izateko (baita erdigunean ere), unibertsitatearen inguruko aparkalekua handitzea, 1. blokearen parean dagoen aparkalekua kentzea, oinezkoari leku gehiago uzteko zebra-bidearen inguruan.
2. Berdeguneak: Guridi kalearen inguruan kendutako zuhaitzak berriz landatzea, zuhaitz eta landare gehiago landatzea, Santakurtz 3. atariaren aurrean dagoen lorategia kentzea edo birmoldatzea.
3. Irisgarritasuna: Santakurtz kaleko 4. zenbakitik Otalora kalera jaisteko eskaileren ondoan arrapala bat egokitzea, zebra-bide gehiago margotzea, Iparragirre kalea osoa kota berdinean jartzea, Amets taberna aurreko kalea oinezkoentzako bakarrik izatea.
4. Argiak: Santakurtz 4. atariko plazan farola gehiago jartzea, 3. atariaren inguruan argi-puntu gehiago jartzea eta iturriaren eta bidegorriaren atzeko inguruaren argiteria hobetzea.
5. Mugikortasuna: Sarasate eta Elkano kaleetan dauden aparkalekuetara sartzeko ibilgailuen noranzkoa zentzu bakarrekoa izatea.
6. Instalazioak: Santakurtz 13-15 artean dagoen lur azpiko gas depositua kentzea.
7. Bestelakoak: Radarra jartzea, estalitako jolas parkea egitea, edo zakarrontzi gehiago ipintzea. Santakurtz kale osorako proiektu baten falta ere sumatzen da.