13 milioi euroko aurrekontua izango du Udalak 2022rako
2022/01/04
Aretxabaletako Udal Gobernuak (EAJ) 13.139.245 euroko aurrekontua onartu zuen 2022rako abenduko Osoko Bilkuran; azkenengo ekitaldiarekin alderatuta %4,7 igoera suposatzen du. EH Bilduk aurka bozkatu zuen.
Igoera hori Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik dator, batez ere; izan ere, 2021ean baino ia 700.000 euro gehiago jasoko ditu Udalak. Gainera, Ibarra kiroldegiko kreditua ordaintzen bukatu dute iaz, eta 2021eko ekitaldian eskatutako kreditua –2,6 milio euro ingurukoa- 2022ko aurrekontuan txertatu da proiektu estrategikoei eta beste batzuei aurrera egiteko.
2022rako proiektuak eta partidarik esanguratsuenak:
- Santakurtz kaleko Saneamendu eta Hornidura Plan Bereziaren lanak (PEAS): ia 1.000.000 euro (urte anitzeko inbertsioa).
- Adineko pertsonen gizarte zentroa (komentuan egongo da kokatuta): 940.000 euro (urte anitzeko inbertsioa).
- Lausitta auzoko PEAS proiektua idaztea: 150.000 euro.
- Andra Mari auzoko kantxa berritzea eta iragazgaitzea: 500.000 euro.
- Komentua ingurunean integratzeko proiektua idaztea: 54.450 euro.
- Lan txikietako urbanizazioak: 100.000 euro.
- Ibarra futbol zelaiko belar artifiziala aldatzea: 200.000 euro.
- Kiroldegi aurreko berdegunerako erabilera berriak aukeratzeko partaidetza prozesua: 55.000 euro. 25.000 euro 2021eko aurrekontuetatik eta 30.000 euro 2022koan.
- Arkupeko klimatizazio sistema berritzea: 85.000 euro.
- Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak: 30.000 euro.
- Nerabeen eta gazteen artean genero indarkeriaren aurka jarduteko protokolo barruko sentsibilizazio ekintzak: 5.000 euro.
- Esku-hartze sozioedukatiboko eta psikosozialeko zerbitzuaren lizitazioa – kale-hezkuntza programarekin–: 132.000 euro.
- Arkupeko kultur programazioa: 68.000 eurotik (2021) 80.000 eurora igo da (2022).
- Kale animazioa: 45.000 eurotik (2021) 60.000 eurora igo da (2022).
- Ariketa fisikoa aire librean egiteko tresnak: 20.000 euro.