0 mailako euskara ikastaroak

2021/06/25

Datorren ikasturtean Leintz Udal Euskaltegian euskara ikastaro berezi bat eskainiko da, 0 ulermen maila duten pertsonek 60 ordutan oinarrizko ulermen maila lor dezaten. Ikastaroa doakoa izango da.

Ikastaro hau berezia eta espezifikoa da, bere hasierako helburua ez baita euskara erabat ikastea, ulertzen hastea baizik. 60 orduko ikastaroa da, urrian hasiko da eta otsailean amaituko da. Astean 2 saio egingo dira, eta bakoitzak 2 ordu iraungo du.

Ikastaro hau proba pilotu gisa dator EHUren eta Soziolinguistika Klusterraren eskutik, eta hizkuntzaren ulermenean oinarritutako ikaskuntza-metodologia berri bat probatu nahi dute. Jakina da azken urteotan, Euskaraldia bezalako ekimenekin, ulermenean jarri dela arreta; hizkuntza bat erabili ahal izateko, besteak ulertu behar du. Horrela, elkarrizketa elebiduna praktikan jar daiteke, komunikazioa bermatuz.

Euskaraldiaren bi edizioetan, euskaraz ezer ez ulertzeagatik dinamikan parte hartu ezin izan duten pertsonak egon dira. Horregatik, eta pertsona horiei zuzenduta, ikastaro espezifiko bat egiteko aukera eskaintzen da orain, gutxieneko ulermen maila bat lortzeko.

Ikastaroa doan izango da eta interesa dutenek Leintz Udal euskaltegira (943 79 21 68) edo Eskoriatzako eta Aretxabaletako udaletako euskara zerbitzuetara jo dezakete.