El Ayuntamiento trabaja para llevar la banda ancha a los barrios rurales

06/11/2020

Aretxabaletako Udala lanean ari da banda zabala landa auzoetara eramateko. Landa ingurunearen eskaera handienetako bati erantzun nahi zaio proiektu honen bidez, abiadura handiko Interneterako konexioa gune hauetara hedatuz. Horrela, ingurune horren eta hiri eremuaren artean oraindik dagoen eten digitala murrizteko helburuan aurrera egingo da.

Proiektu hori gauzatzeko, Udala Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako LandaGipuzkoa programara aurkeztu da. Deialdi horren erronka nagusietako bat banda zabal ultra-azkarra landa ingurune osora zabaltzea da, zuntz optikoaren bidez. Gune horietako biztanleek "bizitzeko eta lan egiteko baldintzak izatea, eta, azken finean, hiri ingurunearen pareko zerbitzu eta ongizate maila izatea" da helburua.

Udalak zortzi landa gunetara zabaldu nahi du sarea: Oro, Larriño, Aozaratza, Areantza, Goroeta, Apotzaga-Etxebarri, Galartza eta Isurietara, hain zuzen. Guztira, ehun bat eraikinetara banda zabala eramatea aurreikusten da, baserri eta beste etxebizitzen artean. Proiektu horretatik kanpo geratuko lirateke Arkarazo elizatea eta Galartzako zenbait puntu, teknologia hori jadanik badutenak, baita Isurietako gune bat ere, non operadoreek "hiru urteko epean" konexioa bermatzeko interesa agertu duten. Banda zabala sakabanatuen dauden baserrietara eramateko proiektuaren bideragarritasuna etorkizunean aztertuko da. 

Lurralde osorako deialdi bateratua.
Foru Aldundiak kudeatuko du sistema horren ezarpena, lurralde osorako deialdi bateratu batean. Aretxabaletaren kasuan, 200.000 euro inguruko inbertsioa egingo da, Aldundiaren eta Udalaren artean erdibana ordainduko dena. Behin lan horiek esleituta, 18 hilabeteko epea izango dute burutzeko. Aldundiaren asmoa banda zabal ultra-azkarra 2023rako lurraldeko baserri guztietara zabaltzea da.

 

Unai Elkoro alkateak Udalak proiektu honen alde egin duen apustua azpimarratu du, "landa ingurunean beharrezko konexioa eta teknologia berrietarako sarbidea" erraztuz. Alkatearen iritziz, landa garapenerako politiken ikuspuntutik "eten digitala hausteak lehentasuna izan behar du". "Sarearen erabilera eguneroko beharrizana bihurtu da, eta pandemiaren egungo egoeran are gehiago nabarmendu da. Komunikazioa eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea bermatzea da helburua, hala nola telelanerako edo online hezkuntzarako, eta baita aisialdirako ere. Administrazio gisa, azpiegitura hau eskatzen duten baserrietara iristeko beharrezko ahaleginak egin behar ditugu", esan du Elkorok.