Udalak gailu bat jarri du Otalora kalean trafiko datuak biltzeko

2020/11/17

. Bide horretatik zenbat ibilgailu igarotzen diren kontatzeaz gain, haien abiadura erregistratuko du aforatzaileak 

. Matrikulak irakurtzen ez dituen neurgailua da eta herriko beste kale batzuetan ere jarriko da, trafikoaren portaerari buruzko erradiografia izateko

2020ko azaroaren 17a. Aretxabaletako Udalak aforatzaile bat jarri du Otalora kalean, erdigunetik zirkulatzen duten ibilgailuen portaera aztertzeko. Sistema horri esker, trafikoaren ezaugarriak ezagutu ahal izango dira, ibilgailu kopurua eta mota zehaztuz (autoak, kamioiak, motorrak edo bizikletak), eta baita zirkulazioaren bataz besteko abiadura ere.

Gailua astelehenetik igandera arte egongo da martxan, 24 orduz, trafiko gehien duten egunak eta orduak ere ezagutzeko. Aforatzaileak ez du matrikula-irakurgailurik, beraz, ez dira ibilgailuak identifikatzen. Trafikoaren parametroak neurtzeko datuak biltzea da helburua. 

Lehen neurketa Otalora kalean egin ostean, Udalak afortzailea beste toki batzuetan jarri nahi du, udal Plangintzako zinegotzi den Ion Albizuk azaldu duenez. "Herriko trafikoaren portaeraren argazki orokor bat izatea da helburua", gaineratu du.

 Trafikoaren neurketa hau Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) egiteko aurretiazko prozesuaren barruan sartzen da. Lurzoruaren erabilerak arautzeaz gain, hiri-hazkundearen eredua ezarriko duen udal araudia da HAPO. Lehen urrats gisa, Plan Orokorrak diagnostiko faseari ekingo dio, eta, besteak beste, udalerriko hiri-mugikortasuna aztertuko da.