Igandean hamabi artisau atxabaltarrek euren lanak erakutsiko dituzte Durana kalean

2020/09/30
. Parte-hartzaile bakoitza karpa batean jarriko da, distantziak mantenduz. Sarrera eta irteera zirkuitu bat egongo da bisitarientzat . Topaketa 11:00etatik 15:00etara izango da

Durana kaleak artisau atxabaltarren topaketa jasoko du datorren igandean, urriaren 4an. Larrua, urregintza, pintura, bisuteria edo kakorratza oinarri hartuta egindako lanak jendaurrean erakutsiko dituzte. Dozena bat sortzailek parte hartuko dute, 11:00etatik 15:00etara.

 

Topaketa honen bidez, herriko artisauei protagonismoa eman nahi zaie, euren sorkuntzak jendaurrean erakusteko aukera izan dezaten. Udal Kultura Sailak azaldu duenez, ekimenak "datozen urteetan jarraipena izateko" asmoa du, urriko lehen asteburuaren inguruan.

 

Lepokoak, belarritakoak, oihal gaineko margoak, kakorratzezko panpinak, ilerako osagarriak, euskal jantzi tradizionalak eta eztia, besteak beste, izango dira Durana kalean erosi ahal izango diren produktuetako batzuk. Parte-hartzaile bakoitza segurtasun distantziak mantenduko dituen karpa batean egongo da. Gainera, erakustokiak bisitatzeko sarrera eta irteera antolatuko da, koronabirusaren pandemiaren aurrean prebentzio eta higiene neurriak mantenduz.

 

Hauek dira beren lanak erakutsi eta salgai jarriko dituzten artisauak: Lara Gonzalez, Nerea Maskariano, Lara Garcia, Ariane Unanue, Izaro Sanchez, Yael Eva Otero, Miriam Carretero, Iban Urreta, Itsaso Aldai, Mari Luz Osorio, Elo Arribas y Maria Zubillaga.