Komentuan kokatuta egongo den adinekoentzako gizarte zentroko lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira

2022/10/19
Urdinberri-Viuda de Sainz-Gertek enpresek osatzen duten ABEEari esleitu zaizkio lanak, ia 2,1 milioi euroan eta urtebeteko exekuzio-epean. Basotxoko egoitza berria, eguneko arreta zerbitzua eta erabilera anitzeko gela egokituko dira.

Komentu zaharrean egokituko den adineko pertsonentzako gizarte zentroko lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira. Udalbatzak astelehenean erabaki zuen, aho batez, lan horiek 2.093.080 eurotan eta urtebeteko epean esleitzea.

Unai Elkoro alkateak, Karmele Uribarri Gizartegintzako zinegotziak eta Elena Gibello Hirigintzako teknikariak obren xehetasunak eman dituzte. Ekitaldian Basotxo Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteko lehendakari den Miguel Elorzak, eta zuzendaritza batzordeko kideek, Ramiro Gomezek eta Juan Cruz Diezek, ere parte hartu dute

Bi eskaintza aurkeztu dira adineko pertsonentzako gizarte zentroko lanak esleitzeko lehiaketara. Lehenengo fase honetan, Basotxo elkarteko egoitza berria eta mendekotasun txikia duten adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua egokituko dira, baita erabilera anitzeko gela ere kaperan.

Unai Elkoro alkateak azaldu duenez, Urdinberri-Viuda de Sainz-Gertek enpresek osatzen duten ABEEak egingo ditu “urtea bukatu baino lehen hasi, eta ezustekorik ez badago, urtebete barru amaituta egongo diren lanak”. Alkateak nabarmendu du, halaber, ABBE honek zentro soziosanitario integratuaren (osasun zentroa) lanak egiten ari den enpresa bera dela. Testuinguru honetan, egoitza zaharraren eta komentuaren inguruan, dagoeneko martxan dauden bi proiektuekin, Udalak eta Osakidetzak “6,5 milioi euro inguru” inbertituko dituzte, “herria izaera sozial eta sanitarioko bi ekipamenduekin hornitzeko”, azpimarratu du alkateak.

Gizartegintzako zinegotzia, Karmele Uribarri, “pozik” agertu da adineko pertsonentzako gizarte zentroko lanak “azkenean” abian jarriko direlako. “Obrak hasiera batean aurreikusita zegoena eta gustatuko litzaigukeena geroago ipiniko dira martxan, baina pandemiak eta hirigintza-izapideek, neurri handiagoan proiektu arkitektonikoaren idazketak, prozesua luzatu dute, baita kaperaren intsonorizazioa gehitzea ere. Horregatik, barkamena eskatzen diegu Basotxori, Erdu talde feministari eta, oro har, herritar guztiei sortu diren eragozpenengatik”, adierazi du Uribarrik.

Gizartegintzako zinegotziak gogorarazi du proiektu hau “estrategikoa” dela Udal Gobernu taldearentzat, “aurreko legealditik egin dugun apustuetako bat baita”. “Adineko pertsonen sozializazioa eta integrazioa bermatuko ditu, kaperan kokatuko den baliabide berriarekin batera. Baliabide horrek herrian garatzen diren jarduerei azpiegitura eskainiko die. Tabernak eraikinari bizia ematen eta adin ezberdinetako jendearen mugimendua bultzatzen ere lagunduko du. Bestalde, zentro berria adinekoen bakardadeari aurre egitera zuzenduta egongo da, haien arteko harremanak eta adiskidetasun-loturak sustatuz”, azaldu du Uribarrik.

Obren deskribapena

Obra gehienak beheko solairuan egingo dira, hiru hegaletan banatuta. Horietako batean, Basotxoko taberna kokatuko da, terraza eta guzti. Sarrera nagusia lorategitik izango da, arrapala batetik. Bigarren hegalean, eguneko arreta zerbitzua egongo da kokatuta, beharren araberako espazio mugigarri batekin, eta hirugarrenean, aldiz, Basotxoko erantsiak atonduko dira (bulegoak).

Erdisotoko solairuan, bestalde, tabernako sukaldea, biltegi bat, langileen aldagelak eta instalazio teknikoen gela egongo dira. Komunikazio-nukleoa ere egokitu egingo da, eskaileren eta igogailuaren kaxaren bidez, lehenengo solairuarekin lotuta egongo direnak. Horrela, etorkizunean proiektuaren bigarren faseari ekiteko komunikazioak prest utziko dira, komentuko lehenengo solairuan adineko pertsonentzako tutoretzapeko apartamentuak aurreikusten baitira.

Kaperari dagokionez, maila bereko espazio bat sortuko da, leihateak irekitzearekin batera. Gela intsonorizatu egingo da eta komuna eta biltegi bat ere izango ditu. Modu independentean funtzionatzeko, sarbide propioa izango du oraingo sarrerako gunean.

Bestalde, eraginkortasun energetikoaren ikuspegitik, eraikinak aerotermia sistema eta eguzki plakak izango ditu teilatuan.

Basotxo Zainduzera

Osasun zentroko obrak hasi ondoren eta egoitza berria egokitu arte, Zainduz gimnasio zaharrera lekuz aldatu da Basotxo. Jubilatuen elkarteak bi areto ditu une honetan, bulegoa eta beste bat jardueretarako.

Alkateak azaldu duenez, obra txiki batzuk egingo dira “Basotxori leku gehiago eskaintzeko, bere jarduerak baldintza egokietan eta erosoago garatu ahal izateko”.

Bestalde, komentuko obrak egiten diren bitartean, Basotxori zerbitzua emango dion aldi baterako tabernarako akordioa laster ixtea aurreikusten da.