Aretxabaletak emakumeenganako indarkeriaren aurka duen konpromisoa aldarrikatuko du hainbat ekintzen bidez

2022/11/03
Liburu, film eta dokumentalen bidez indarkeriari buruz sentsibilizatu eta hausnartzeko “interes gunea” prestatu du udal liburutegiak hilabete osoan zehar. Azaroaren 25aren aurreko asteetan, solasaldia, dokumental baten proiekzioa, antzezlan bat eta "Zarata" audiogida erakusketa antolatu dira.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan azaro osoan zehar iraungo duten hainbat ekintza antolatu dira. Irakurketa txokoa, solasaldia, antzezlana, dokumentala eta erakusketa baten bidez genero indarkeria gizarte osoaren jomugan jarriko dute.

Udalak eta Atxabaltako Mugimendu Feministak antolatutako programa herritarrak genero indarkeriaren arloan kontzientziatzera, prestakuntzara eta prebentziora zuzenduta dago.

Horrela, hilabete osoan zehar material interesgarriz osatutako gune bat prestatu da udal liburutegian, indarkeria mota ezberdinen inguruan sentsibilizatu eta hausnartzeko. Stieg Larsson idazle eta kazetari suediarraren Los hombres que no amaban a las mujeres eta La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina eleberriak; Neskamearen ipuina, Margaret Atwood kanadarraren lanaren euskarazko bertsioa; eta kontsulta liburuak (adibidez, Victoria Noguerol psikologoak idatzitako Ataques sexuales) interesdunen eskura daude, dokumentalak eta filmekin batera (Fernando León de Aranoaren Princesas, Ridley Scottek zuzendutako El último duelo, edo Helena Tabernaren Nagore dokumentala).

Azaroaren 7rako Erdu Talde Feministak Migratzaileen erregularizazioa ez da karitatea; justizia soziala da! solasaldia antolatu du. Hitzordua Loramendi Euskara Elkartearen egoitzan izango da (udaletxe zaharrean, 18:30ean).

Hilaren 20an El Terrol antzerki konpainiak Me quiere, no me hiere ikuskizuna aurkeztuko du Zaraia aretoko oholtza gainean. Antzezlan honek tratu txarretatik tratu onetara bidaiatzen du, modu batera edo bestera genero indarkeria deskubritu, bizi eta pairatzen duten hainbat pertsonaiaren bizitzan barrena ibilbidea eginez. Baikortasunean, bikote-harreman osasuntsuetan, errespetuan, ulermenean eta berdintasunean ere jartzen du arreta (19:00).

Azaroaren 23an, hau ere Erduren eskutik, Coreografías de la transgresión dokumentala proiektatuko da Arkupen (18:00). Topaketa honetan solasaldia eta afari-merienda ere izango dira. Hurrengo egunean, hilaren 24an, kultur etxeak Zarata erakusketa hartuko du 16:00etatik 19:00etara. LGBTI+ kolektiboari buruz dugun ikuspegia zabaltze aldera, erakusketa honetan hamar istorio entzumenaren bidez ezagutzeko aukera izango dute bisitariek 45 minutu inguruko ibilbidean. Hodei Arrastoa zizurkildarrak sortutako proiektu honetan, Hiruki Larroxarekin batera, hamar aktorek parte hartzen dute: Telmo Irureta, Xanti Agirrezabalaga, Kimetz Renteria, Garazi Urkola eta Sambou Diaby, besteak beste.

Amaitzeko, herriko mugimendu feministak Instituzioek ere emakumeok kolpatzen gaituzte! lelopean elkarretaratzea deitu du azaroaren 25erako Herriko plazan (18:00etan). Ekitaldian zehar sinadura bilketa egingo da migratzaileen erregulazioa eskatzeko.

Ikusi egitaraua