Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek nerabeek aisialdiaz modu osasungarrian gozatzeko ‘Bixi’ egitasmoa abiarazi dute
12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzenduta, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek Bixi programa bultzatu dute, aisialdiaz modu dibertigarri eta osasungarrian gozatzeko hainbat jardueren eskutik.
Ainhoa Cabero Aretxabaletako Gazteria zinegotziak, Amaia Murgiondo Partaidetza teknikariak, eta bi udaletako Gazteria teknikari den Maider Etxanizek eman dute proiektuaren xehetasunen berri.
Nerabeen artean droga kontsumoa prebenitzeko duela urte batzuk garatu zen egitasmoan du abiapuntua ekimenak. Ainhoa Cabero zinegotziak azaldu duenez, nerabeek aisialdia nola bizi duten aztertu zen eta denbora hori modu osasungarriagoan bizitzeko zituzten beharrak identifikatu ziren.
Ikerketan zehar nerabezaroa trantsizio prozesu gisa, aisialdirako dituzten espazioak, gauak betetzen duen papera, jaiek hartzen duten garrantzia, lagun arteko harremanak, gurasoekin dituzten harremanak, eta substantzien kontsumoa jorratu zituzten, besteak beste.
DBHko lehen mailatik laugarren mailara bitarteko Aretxabaletako eta Eskoriatzako ehun neska-mutil baino gehiagorekin egon ziren. Beraiekin egindako talde dinamiketan ateratako ondorioak oinarri hartuta, aisialdia era osasungarriagoan bizitzeko ekintza batzuk proposatu zituzten. “Horietako asko jaien testuinguruan planteatu ziren, nerabeei bereziki zuzendutako ekintza askorik ez delako egoten euren ustez”, adierazi du Maider Etxaniz Gazteria teknikariak.
Beraz, Bixi programak aisialdia modu osasungarriagoan gozatzea du helburu, “nerabeen inplikazio zuzena eta parte-hartzearen bitartez, haien interesei erantzungo dieten ekintzak diseinatzeko”, azpimarratu du Etxanizek.
Skate jaia eta Paintaball-a, hurrengo hitzorduak
Lehen ekimenak Sanmigeletako eta Inauterietako jai giroan egin ziren. Pandemiak eragindako geldiaren ondoren, Bixi egitasmoari berriro ekingo diote, hemendik aurrera nolabaiteko erregulartasuna izango duen ekintza-programa batekin. Horrela, lehen hitzordua datorren larunbatean -irailak 18- izango da Aretxabaletako Ibarrako skate parkean. Bertan, 17:00etan hasita skatearen teknikak ezagutzeko aukera egongo da ikastaro baten bidez. Honi jarraituz, lehiaketa egingo dute (izen-emateak 17:30etik aurrera) eta bukatzeko, erakustaldia (19:30ean).
Sanmigeletako kultur egitarauaren baitan, irailaren 25erako paintball-ean ibiltzeko arratsalde bat proposatzen da Ibarrako berdegunean (16:00etik aurrera). Izen-ematea taldeka (gehienez zortzi kide) edo banaka egin ahal izango da.
Datozen hilabetetarako aurreikusitako ekintza batzuk:
- ‘Gaztegauak’ programa Eskoriatzako gaztelekuan, Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleentzat. Azarotik aurrera.
- Dj ikastaroa.
- Donostiako Laser gunera irteera.
- Koadrilen arteko futbol txapelketa.
Bestalde, Bixik badu bere kontua Instagramen aisialdiaz eta denbora libreaz modu osasungarrian gozatzeko aurrera eramango diren ekintzen berri emateko: bixi_aretxabaleta_eskoriatza.