Adinekoentzako gizarte zentroaren lehen faseko proiektua aurkeztu da

2021/05/21
Basotxo jubilatuen egoitza, eguneko arreta zerbitzua eta erabilera anitzeko aretoaren egokitzapenak 1,8 milioi baino gehiagoko kostua izango du. Lorategian terraza bat atonduko da, tabernarako sarrera independentea izango duena. Obrak aurtengo hirugarren hiruhilekoan lizitaziora ateratzea aurreikusten da.

Santa Rita komentua adineko pertsonentzako gizarte-zentro bihurtuko duten obren lehen faseak 1.873.000 euroko kostua izango du. Basotxo jubilatuen egoitza eta eguneko arreta zentroa izango dira eraikinean kokatuko diren lehen zerbitzuak, beheko solairuan hain zuzen ere. Fase honetan erabilera anitzeko gela ere egokituko da kapera izandako espazioan.

Unai Elkoro alkateak eta Karmele Uribarri Gizartegintzako zinegotziak komentua birgaitzeko oinarrizko proiektua aukeztu dute. Legealdiko egitasmo estrategikoetako bat dela gogoratu ostean, Uribarrik berretsi egin du Udal Gobernuak proiektu honen alde egiten duen apustu “irmoa”. “Adinekoen beharrei erantzuteko eta haien bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jarri behar ditugu”, azpimarratu du Uribarrik.

David Sanchez Bellido eta Iturbe Eraikuntza Tekniko taldea UTEa arduratzen ari da beheko solairuan zerbitzuak nola banatuko diren diseinatzeaz, 900 metro karratuko azaleran. Horrela, eraikinaren ipar-mendebaldeko hegalak autonomoentzako eta/edo mendekotasun baxuko adineko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua jasoko du. Zerbitzu horrek jarduerak garatzeko 166 metro karratuko espazioa izateaz gain, komun egokituak eta bestelako asistentzia gelak izango ditu. Zerbitzua bere osotasunean martxan jarri aurretik, obrak amaitu ondoren, gaur egun Arkupen ematen diren estimulazio kognitiboko tailerrak instalazio horietara eramango dira.

Eraikinaren hegoaldeko hegalean, bestalde, Basotxo erretiratuen egoitza egongo da kokatuta, eta honako instalazio hauek izango ditu: taberna, 90 metro karratuko egongela edo jangela izango duena; komunak; ataria; galeria eta bulegoa. Ipar-ekialdeko hegalak hainbat erabilera izango ditu, eguneko arreta zerbitzuaren bulego osagarri bat eta kaperako erabilera anitzeko gela; azken honek ere komunak eta biltegia izango ditu. Erdisotoan tabernako sukaldea egokituko da, bere gela osagarriekin, biltegiarekin, kamerarekin eta aldagelekin, baita beroa ekoizteko instalazioen gela ere.

Gainera, lehen fase honetan, komunikazio-gunea prest utziko da lehen solairura arte. Bertan, ondorengo faseetan tutoretzapeko apartamentuak eraikiko dira, eta eskaileretatik edo igogailu batetik sartuko da haietara. Hegoaldeko fatxadako ataritik (lorategiaren barruan) eguneko arreta zerbitzura eta Basotxoko kafetegira sartu ahal izango da. Azken horrek ere sarbide independentea izango du mendebaldeko fatxadatik, hau da, ibai ondoko pasealekura ematen duenetik.

Energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko sistemak

Eraikinaren energia-erregulazio eta kontrola sistema elektronikoen bidez egingo da; sistema horiei esker, elektrizitatearen kontsumoa optimizatu ahal izango da eraikinaren eremu bakoitzaren eskaera zehatzaren arabera.

Energia aurreztea eta efizientzia dira instalazioak hornitzerakoan kontuan hartu diren helburuetako bi. Adibidez, eguneko arreta zerbitzuan temperatura baxuko berokuntza sistema jarriko da (zoru erradiatzailea), eta bero eskaria, nagusiki, estalkian eta gela teknikoan (sotoa) kokatutako aerotermia makinen bidez hornituko da.

LED teknologia erabiliko da argiztapenerako eta eraikinaren isolamendu termikoa eta akustikoa hobetuko dira. Bestalde, kanpoko hutsuneetako arotzeria eta beira guztiak aldatuko dira, eta horien ordez berriak jarriko dira erresistentzia termikoko eta estankotasuneko (aire-ihesak) prestazioekin.

Kanpoko urbanizazioa

Lehen fase horretan, halaber, kanpoaldea urbanizatuko da. Lorategira irekitako tabernako terraza egokituko da, Errekabarren kaletik irisgarria izango den ibilbide batekin. Iparraldeko fatxadatik eraikinera sartzeko ere arrapala eta eskailerak eraikiko dituzte (komentu zaharraren sarrera nagusiaren parean). Lorategian dagoen iturriari beste kokapen bat emango zaio.

Lanak lizitazioara atera aurretik, exekuzio proiektuan xehetasun guzti horiek jasoko dira. Unai Elkoro alkateak adierazi duenez obrak esleitzeko deialdia “aurtengo hirugarren hiruhilekoan” egingo da. "Gure helburua adineko pertsonentzako zentro sozialaren lehen fase hau legealdi honetan amaituta egotea da”, azaldu du alkateak.