Atxabaltan gero eta euskara gutxiago egiten da kalean, eta?

2024/11/28

Haurrei, koskortu ahala, orduan eta gehiago gaztelaniaz.

Gazteak, naturalago gaztelaniaz, autentikoagoa ei delako.

Guraso euskaldunak, “Haurrak! iñizue euskaraz!” eta euren artean gaztelaniaz.

Helduak, bi berba euskaraz eta gainerakoa gaztelaniaz, euskaraz ari direlakoan.

Euskara ikasten ari direnei, gaztelaniaz, ez inkomodatzeko.

Euskaraz ez dakitenak, kuadrillan eroso, denak gaztelaniaz ari dira-eta.

“Euskaldun itxura ez dutenei” gaztelaniaz, badaezpada.

Euskara helduaroan ikasi dutenak, euskara etxean jaso duten asko baino tinkoago euskaraz. 

Erlaxazioa, erosotasuna, apatia, utzikeria, aurreiritziak, asimilazioa…

 Aretxabaletak astindu bat behar du!

Horiek dira herriko hainbat eragilerekin egindako elkarrizketetatik ateratako ideia batzuk. Aretxabaletan euskarak bizi duen egoera ez da larria, kezkagarria, bai, ordea. Gauzak ez doaz ondo eta gogoeta kolektibo bat behar dugu.

Horretarako, euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko AROA plana garatzen ari da Aretxabaletako Udala. Dagoeneko egoeraren diagnostikoaren zirriborroa osatu du; hiru bide nagusi baliatu ditu horretarako:

  1. Informazio idatzia aztertu du; hala nola, ikerketa, txosten, plangintza, balorazio eta abar.
  2. Herritarrek bete dituzten galdetegiak
  3. Herriko hainbat eragileri egindako elkarrizketak.

Orain, diagnostiko hori lansaio batean landu nahi du herritarrekin. Datorren abenduaren 3an izango da Arkupe Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

Bi gauza lortu nahi ditu saioarekin:

  1. Euskarak Aretxabaletan duen egoeraren diagnostikoa herritarrekin kontrastatu eta osatu.
  2. Datozen urteetarako erronka estrategikoak identifikatu.

Aretxabaletako Udalak dei egiten die herritarrei lansaioan parte har dezaten, guztion artean euskarak Aretxabaletan bizi duen egoeraren irakurketa kritikoa egiteko eta egun euskarak dituen ahulguneak, indarguneak eta erronkak identifikatzeko.