Mondragon Unibertsitateak eta Aretxabaletako Udalak akordioa sinatu dute bi erakundeen arteko lankidetza sustatzeko
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Aretxabaletako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, ekainak 11, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean. Hitzarmen berri honekin, Aretxabaletako Udalarentzat eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearentzat onuragarri izan daitezkeen proiektuak aurrera eramateko borondatea dutela adierazi dute bi erakundeek. Bide horretan, orain arte bezala, aldeek elkarlanean jardungo dute esperientzia eta baliabideen elkartrukean.
Lankidetza horren adibide da IdeiEnea, Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletako campusaren eraikinaren ondoan atxikitako eraikitzen ari den espazioa. Proiektu anbiziotsua, bi helburu nagusi dituena: batetik, komunikazioaren euskal ekosisteman esperimentazioa eta berrikuntza sustatzea, besteak beste, horretarako ekintzaileentzako bidelaguntza eskainiz, eta bestetik, erakundeei komunikazioaren alorrean puntako talentua, ezagutza eta aholkularitza eskaintzea. Finean, ekosistemako eragileen artean lankidetzarako aukerak sortu nahi dira IdeiEnean, gizartean eragina areagotzeko.
Helburu horiei erantzuteko, besteak beste, co-working espazioa bat izango du eraikin berriak bertan ekintzailetza proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Eraikin berriak gainera, areto bat izango du, eta Aretxabaletako Udalak aukera izango du kultur ekitaldiak antolatzeko hau erabiltzeko. Modu berean, eta orain artean egin izan den bezala, campuseko liburutegia Aretxabaletako herritarrentzako irekita egongo da. Mondragon Unibertsitateak adierazi du herritarrei begirako ate irekien saioa bat antolatuko duela behin IdeiEnearen erainkuntza-lanak bukatuta daudenean espazio guztiak erakusteko.
Ildo horretatik, Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak azpimarratu duenez, Aretxabaletako Udala fakultatearentzako agente klabea da eta horren erakusle da hitzarmenaren berrestea. “Honek aukera emango digu Aretxabaletako herriarekiko eta komunitatearekiko harremanak sendotzen jarraitzeko”, gaineratu du dekanoak.
Beste alde batetik, Aretxabaletako alkate Gari Iturbek unibertsitatearekin elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi du, eta hauxe erantsi du: “Guretzako ezinbestekoa da unibertsitatearekin dugun harremana eta sendotzeko asmoa dugu”.