Kaleak aire zabaleko agertokia izaten jarraituko du musika, antzerki eta dantzarako
2022ko ekainaren 30a. Estilo askotako musika, antzerkia eta dantza dira uztaileko kultur egitarauaren plater nagusiak. Kalearen aldeko apustua egiten jarraitzen du Udalak, publiko guztiei zuzendutako proposamenekin. Hortzmuga, Zirika Zirkus eta Kukai Dantza konpainiek euren ikuskizunak taularatuko dituzte, Hernaniko Kilimak taldeko euskal rumba, Amak laukoteko emakume izena duen trikia, eta Nhil musika taldea ere protagonistak dituen programaren barruan.
2018an Hernanin sortutakoa, Kilimak taldeak irekiko du egitaraua uztailaren 3an Herriko plazan (19:30ean). Agus Garmendia, Ione Zozaya, Ihintza Zozaya, Ander Larrañaga Larra, Antxon Gutierrez eta Oskitz Gorrotxategik osatzen dute runba doinuz publikoa dantzan jarriko duen talde hau. Euskal Herriko runba izeneko diskoko Gatza, Errutinaren tranpa, Soledad eta Burrunba abestiak aurkeztuko dituzte oholtza gainean.
Musikarekin jarraituz, uztailaren 16an Dj KI-k Durana kalea girotuko du (19:00etan). Lau triki lau ahotsetara Amak taldearen buru dira. Lau emakume eta amak aldi berean: Alaitz Telletxea, Maixa Lizarrizar, Amaia Oreja eta Kristina Solano, Euskal Herrian izen ezagunak direnak, uztailaren 17an Herriko plazan (19:30ean) arituko den Amak taldearen kideak dira.
Uztailaren 22an Nhil-ek hartuko du lekukoa. Asel Errasti, Xabi Zuazabeitia, Beñat Arrieta, Sara Alonso, Aitor Ruiz de Austri eta Lia Garaik osatzen dute 2017an Aretxabaletan bere ibilbidea hasi zuen taldea. Kontzertua Santa Ritako lorategian izango da, 19:00etan.
Bestalde, antzerki atalean, Hortzmuga Teatroa konpainiak Bidearen amaieran ikuskizuna aurkeztuko du uztailaren 6an. Antzezlan honek umorez eta emozioz kontatzen du seme baten eta Alzheimerrez gaixotutako aitaren arteko bizipena (Durana kalea, 19:00etan). Hilaren 13an, aldiz, Zirika Zirkus taldeak Hemendikara ikuskizun familiarra eskainiko du (Herriko plaza, 19:00), eta 15ean, Lekittoko Deabruak konpainiaren Deabruak gara, soms diables piroteknia ikuskizun ibiltariak girotuko ditu Portasoleko jaiak (kiroldegiko berdegunetik, 22:30ean).
‘Gelajauziak’ Kukai Dantza Taldearekin
Dantza uztailaren 20an ere izango da protagonista Kukai Dantza Taldearen eskutik (Herriko plaza, 19:30ean). Gelajauziak Cesc Gelabert koreografo katalanaren laguntzaz ekoiztutako elementu berri eta berezi ugarirekin zipriztindutako proiektua da. Ikuskizun honetan Kukaik eta Gelabert koreografoak herri dantzei begirada berria emateko batu dituzte indarrak. Haren lekuko eta zelatari, Nestor Basterretxea artista handiaren Akelarre eskultura izango da. Artelan ikusgarri horren inguruan eraiki dute ikuskizun honen koreografia.
Bestalde, uztailaren 5etik 29ra, Aretxabaleta eta elizateak erakusketa hartuko du Arkupek. Carlos Roman artista gasteiztarrak egindako olioak izango dira ikusgai.