Gune mistoaren aukera aise nagusitu da kiroldegiko berdegunerako parte-hartze prozesuan
Ekainaren 13tik 17ra bitartean aretxabaletarrek kiroldegiaren aurrean dagoen berdegunea ekipatzeko hiru aukeraren artean bozkatu ahal izan dute. Fase honetan 6 urtetik gorako 1.397 herritarrek eman dute botoa.
1.397 boto baliodun hauetatik, 1.197 online formularioaren bidez eman dira, eta gainerako 200 botoak Arkupen. Gune mistoa izan da boto gehien jaso dituen aukera, 706 boto (guztizkoaren %50,5). 341 botoen aldea atera dio bigarren geratu den gune berdearen proposamenari (365 boto). Kirol-instalazioen aukera izan da gutxien konbentzitu duena, 326 botorekin. Zenbaketatik kanpo, 45 boto baliogabetzat jo dira, bikoiztuta daudelako (pertsona berak bi aldiz bozkatu du), edo Aretxabaletan erroldatuta ez egoteagatik.
Unai Elkoro alkateak eta Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak maiatzaren 12an hasitako prozesuaren emaitzak aurkeztu dituzte. Bilera irekia izan zen hura, eta bertan parte hartu zuten aretxabaletarrek hainbat aukera proposatu zituzten kiroldegiko zelaian libre geratzen den espazioaren erabilera osatzeko. Proposamen horiek ikuspuntu teknikotik egokitu egin dira herritarrek hiru aukeren artean bozkatu ahal izan dezaten.
Elkorok eta Zubillagak eskerrak eman dizkiete herritarrei prozesu honetan parte hartzeagatik. “Positiboki baloratzen dugu atxabaltarrek erakutsi duten interesa. Uste dugu 1.397 boto erantzun ona dela horrelako prozesuetan; eta, aldi berean, berretsi egiten dugu Udal Gobernu honek herritarrei ahotsa emateko duen apustua eta borondatea”.
Gauzatzeko epeak planifikatzeko
Irabazi duen aukerak berdegunean lasai egoteko zuhaitz eta mahaiekin gune bat egokitzea planteatzen du, baita ur jolasak ere. Era berean, kirol ekipamendu txikiak aurreikusten dira: kalistenia, ping-pong eta mahai-jokoak. Aukera horretan, Markole auzoaren ingurua oinezkoentzat izango da; aparkalekuak Aretz tabernaren eta futbol 7 zelaiaren arteko espazioan kenduz. Araba Ibilbidetik Markole auzora doan bidea ere ibilgailuentzat moztuko da. Ondorioz, oinezkoentzako espazioa zabaltzeaz gain, padelerako edo beste kirol modalitate batzuetarako ekipamendu estaliak jarri ahal izango dira Ibarrako futbol zelaiaren ondoan.
Hurrengo urratsa gune mistoaren alternatibak aurreikusten dituen jarduketak gauzatzeko epeen plangintza egitea izango da, “bakoitzaren tamaina eta kostua desberdinak direla kontuan hartuta”, zehaztu du Zubillagak. Kirol zinegotziak azaldu duen bezala, aurtengo aurrekontuetan partida txiki bat jasota dago, "epe laburrean zuhaitzak landatzeko, eta ping pong eta mahai jokoak bezalako instalazioei heltzeko aukera emango diguna. Beste ekipamendu batzuek inbertsio handiagoa eskatzen dute, baita proiektu bat idatzi eta, kasu batzuetan, hirigintza araudia egokitu ere”.
Bestalde, agintaldia amaitzeko geratzen den urtebete baino gutxiagoan “denbora emango diguna gauzatuko dugu”, berretsi du alkateak. “Egutegi bat egingo dugu, epeak eta kostuak zenbatetsita, datozen urteetan herritarrek prozesu honetan eskatu dutenari heltzeko”, esan du Elkorok.