Euskara praktikatzeko Auzoko eta Barriketan egitasmoetan izena emateko epea zabalik dago

2022/03/29

Udalak eta Loramendi Euskara Elkarteak bi programa hauek jarriko dituzte abian:

Auzoko:

Egitasmo honen helburuak dira herrian dugun hizkuntza aniztasuna aitortzea, herritarron arteko harremanak sustatzea, eta kohesio eta komunikaziorako hizkuntza moduan euskara jartzea erdigunean. Auzokon, astean behin, ordu batez, Auzotarra, euskaraz bizi dena, eta Auzokidea, euskarara hurbildu nahi duena, elkartzen dira. Elkarrekin euskararen oinarrizko erabilera lantzen dute, euskaraz harreman berriak egiten dituzte, eta herriko kultura eta ohiturak elkarbanatzen dituzte. Hilean behin, gainera, ekintza osagarriak ere burutzen dituzte, hala nola, txangoak, bisita gidatuak edo ekintza gastronomikoak.

Barriketan:

Ekimen honek helburu du euskara praktikatzeko aukerak eskaintzea. Bertan parte hartzen dute Bidelagunek, euskaraz bizi direnak eta euskaraz gehiago aritu nahi dutenak, eta Bidelariek, euskaratik hurbil bizi direnak eta euskaraz aritu nahi dutenak. Astean behin, ordu batez elkartzen dira. Barriketaneko talde gehienak elkartzen dira kafea hartzeko edo paseo bat emateko, euskaraz hitz egiten duten bitartean.

Taldeak parte-hartzaileen aukeren arabera sortzen dira. Bada, ekimen hauetan parte hartu nahi dutenek 943 770 970/ 645 708 863 telefonoetara deitu, auzoko@loramendielkartea.eus helbide elektronikora email bat bidali, edo Loramendi Euskara Elkartearen bulegora (Durana kalea, 11) jo dezakete.